Pénélope Bagieu, ausardiaren isla
Liburutegitik Parisko artista honen komiki bat eskainiko dizuegu

Pénélope Bagieu, ausardiaren isla
Parisen jaio zen 1982an Pénélope Bagieu. Arte ikasketak burutu eta gero bere eguneroko bizitza jasotzen duen Ma vie est tout à fait fascinante bloga idazten hasi zen, eta 2016an Culottées argitaratu zuen. Lan honekin arrakasta handia izan du eta Frantziako telebistan animazioko serie gisa ere moldatu dute bere lana.
Gaurkoan 30 emakumeren biografia motz eskainiko digu Bagieuk. Emakume bereziak, bere garai edo jendarteetako moldeak apurtu dituztenak. 2016an argitaratu zuen eta gurean Valerosas (Dibbuks, 2017) moduan ezagutu genuen bi liburukitan. Orain, Norma editorialak edizio integrala argitaratu du Atrevidas izenburuarekin.
Emakume Bizardunaren istorioarekin hasten da bere kontakizuna. Clémentine Delait, umetatik indartsua eta nerabezarotik aurpegian ilea, bizarra hazten zaiona. Baina ezkutatu eta bizarra moztu beharrean, berarekiko sortzen den jakin mina aprobetxatu eta bizitzeko era batean bihurtzen du. Horrelako 6-8 orri betetzen dituzten 30 biografia kontatzen dizkigu Bagieuk, orohar emakume ezezagunenak. Antzinako Greziatik gaur egun arte. Kirolariak, musikariak, enperadoreak, kazetariak, ekintzaileak, bakoitzak bere moduan aztarna utzi du. Irakurketa arina da eta komikia ez da era lineal batean irakurri behar, nahi dugun istoriotik hasi gaitezke, utzi eta hurrengoan beste batetik hasi. Egileak gainera umore puntu bat gehitzen dio, lantzen dituen gaien seriotasunetik aldentzeko, kasu askotan bizipen gogorrak daudelako emakume hauen istorioetan. Nazioarteko lan onenari Eisner saria irabazi zuen 2019an egileak.
Liburutegitik hauxe da proposatzen dizuegu komiki irakurketa, hilabetea dinamizatzeko asmoz.