Pepe Espaliú Ganbaran
Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran “Espaliú-abarrak: akzioak eta ondarea Donostian (1992-1994) erakusketa izango da ikusgai abenduaren 17tik urtarrilaren 25era. Aimar Arriolak komisariatu eta Artelekuk ekoiztu duen erakusketa honek Pepe Espaliúren (1955-1993) azken lanaren hurreratze berri bat egiteko beharrezkoak diren baldintza dokumentalak entseatu nahi ditu, Arteleku - Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare funtsetik hartutako artistari buruzko materialetatik abiatuta.
Erakusketa Marginalia proiektuaren parte da, Aimar Arriolak Pepe Espaliúk Arteleku – Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zion liburutegi pertsonalaren suspertze kritikorako garatutako egitasmoa. Proiektu hau Artelekuko mediateka dinamizatu eta balioan jartzeko egitasmoen testuinguruan kokatzen da.
Marginalia 2013 urtean zehar joan da garatzen Artelekun, Pepe Espaliúren heriotzaren 20. urteurrena baliatuz, eta bi ildo landu dira. Batetik funtsen inguruko ikerketa prozesua; bestetik, ekoizpen artistikoko lau azpi-proiektu. Marginaliari amaiera ematen dion erakusketa honekin lortu nahi dena ez da artistaren aldarrikapen soil bat egitea, baizik eta artistari esanahi kritiko berri bat emateko aukerak identifikatzea.
Erakusketan dokumentu multzo heterogeneoa (irakurketa oharrak, prentsa ebakinak, postalak, erosketa ordainagiriak, kromoak, billeteak…) aurkituko dugu; artistak bere liburutegi pertsonala osatzen duten orrien artean gordetakoa eta, bilduma pribatu izatetik baliabide publiko izatera pasatzeko eraldaketa prozesuan dagoena. Horrekin batera, Artelekun eman zituen tailerren inguruko materialak, Carrying performancearen bideo eta argazkiak eta The Carrying Society taldearen lanak egongo dira ikusgai.
Erakusketa: Espaliú-abarrak: akzioak eta ondarea Donostian (1992-1994)
Lekua: Ganbara, Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia.
Komisarioa: Aimar Arriola
Ekoizpena: Arteleku, Kultura zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia
Datak: abenduaren 17tik urtarrilaren 25era
Ordutegia: asteartetik ostiralera 16:00tik 20:00ra. Larunbatetan 11:00tik 14:00era eta 16:00tik 20:00era
Inaugurazioa: asteartea, abenduak 17, 19:30etan