Pertsonaia antropomorfikoak komikietan
Katuak, arranoak, katiluak, argimutilak, arratoiak… Izaki antropomorfiko ezberdinak, beren keinu eta portaeren bidez giza errealitate, jarrera eta emozioak islatzen dituztenak.
Pertsonaia antropomorfikoak komikietan
Pertsonaia antropomorfikoa hainbat komikitan erabili izan da errekurtso narratibo eta sinboliko gisa, hau da, giza ezaugarriak dituzten animalia edo objektuak. Humanizazio honek gizaki itxurako izaki hauekin emozionalki identifikatzea errazten du, batez ere aurpegi-adierazpenak, gorputz-jarrerak eta keinu ezagunak azpimarratuz. Pertsonaia hauek zutik ibiltzen dira nahiz eta katu, arrano edo arrain baten tankera izan, gizakien keinuak erabiltzen dituzte eta gizakien moduan hitz egiten dute. Gorputz adierazpen hauek, ongi egokitutako gidoiekin uztartuz, lortzen dute pertsonaia hauek metafora sozialen, kritika kulturalen edo giza gatazka sakonen tresna indartsu bihurtzea.
Oro har komikietako marrazkiek emozioak indartzeko eta zehazteko gaitasuna izan ohi dute. Marrak, koloreak, enkuadreak eta erritmo bisualak erabiliz lortzen dute komikigileek biñeta bakar batean kondentsatzea adierazi nahi duten guztia, jakinik beste medio batzutan hau adierazteko hainbat testu eta orri erabili beharko lituzketela. Begi handiak eta trazo suabea duen pertsonaia batek samurtasuna edo zaurgarritasuna adierazi ohi du, edo angelutsua eta ilunagoa den beste batek tentsioa eta biolentzia. Pertsonaia antropomorfiko hauek soilik irudiak erabiliz, hitzik gabe, negar, barre, maitasun edo beldurra senti dezakete modu bisual oso argian eta irakurlearekin erraz konektatuz emozinalki.
Pertsonaien antropomorfizazioa ez da errekurtso bisual soila, perspektiba berria ematen du eta tresna narratibo boteretsua izatera ere pasatzen da. Honela, gai sakonak perspektiba berrietatik ikustea ere ahalbidetzen du. Hau argiago ikusteko hemen azalduko ditugu kasu konkretu batzuk:
- "Animosity Evolution" komikietan animaliek giza kontzientzia esnatzen dute, gizartearen, moralaren eta boterearen berplanteamendu bortitza eragiteraino. Giza arrazionalitatea eta animali instintuak egoerak beste ikuspuntu batetik ikusaraziko dizkigu. Animali pertsonaiek giza dilema etikoak eta afektiboak gizakien moduan kudeatzea lortuko dute. Irakurlea hunkitu egingo da animali pertsonaiak nola borrokatzen duten ikusiz, ez baita izango soilik borroka bizirautea bermatzeko, baizik eta bizikidetza modu berri bat eraikitzeko bide gisa jorratuko dute.
- "Maus" komikia adibide oso adierazgarria da, bertan animali pertsonaiek inpaktu emozionala asko areagotzen dute. Judutarrak arratoi gisa azaltzen dira komikian eta naziak berriz katuak bezala. Beldurrezko historia erreal hau alegoria bilakatzen du Spiegelman komikigileak egoeraren gordintasuna galdu gabe. Sufrimendu adierazpenak, beldurra edo kulpa adierazteko moduak, animalien aurpegietan irudikatzen dira, irakurlea narratibaren emozioekin zuzenean konektatuz.
- "Blacksad" komiki seriean noir estitikak efektu hau areagotzen du: animali bakoitzak eredu sozial eta psikologiko bat islatzen du (katua detektibea da, narrastia gaizkilea, txakurra leiala) eta euren gorputz lengoaia eta begiradek sakontasun emozionala erakusten dute, honela, zinismo, dekadentzia edo melankoliaren atmosfera areagotzea lortuz.
- Azkenik, "Las 5 Tierras" komikia. Bertan animali antropomorfikoen unibertso politiko bat agertzen da, intriga, azpijoko, aliantza eta traizioz jositako sistema feudal baten inguruan. Animali arraza bakoitzak botere modu bat adierazten du, eta baita sentitzeko modu bat edota ekintzetara pasatzeko modu bat ere. Komiki honetan emozioa drama, handinahia eta gatazka pertsonalen bidez adierazten dira, fantasiazko ingurune batean kokatu arren, pertsonai antropomorfoekiko gertutasuna da nagusi komikian.