'Piel de hombre' komikia
Piel de hombre
Herbert, Zanzim
Norma, 2021
Azala aldatu eta nortasuna eta generoa ordu batzuez aldatzeko aukera izango bazenu? Hau da Piel de hombre albumak eskaintzen digun premisa. Berpizkundeko Toscanan girotua, Bianca izeneko dontzeila gazte bat aurkezten digu istorioak. Eztei-opari gisa, bere familiako emakumeen belaunaldien artean igaro den gizonezko baten larrua jasotzen du. Orain arte ezezaguna eta debekatua izan den mundu batean sartzeko aukera emango dion azala.
Tonu ironiko eta komediaz baliatuz, zoritxarrez denboran hain urrun ez dauden gaiak nabarmentzen ditu, hala nola genero-identitatea eta sexu askatasuna, bereziki estandarretatik ateratzea debekatuta dagoen gizarte errepresiboetan.
Generoari eta nortasunari buruzko komiki honek hainbat sari eskuratu ditu, hala nola Frantziako komiki saltzaileen saria, ACBD 2021 kritikaren sari nagusia eta Fauve des Lycéens saria.