'Portugalete Uri Urena' komiki lehiaketa
Ibilbide luzea burutu duen lehiaketa da honakoa, lehen aldiz 1986an ospatu baitzen. Portugaleteko udalak sustatu eta bultzatutako ekimen honetan edozein gairi buruzko komikiak, edonork eta lehendik argitaratu gabekoak aurkeztu daitezke urtero burutzen den deialdian. Komiki hoberena saritzeaz gain, bertakoen arteko onena eta tira komikoak ere sari berezia jaso ohi dute.
Lehiaketaren oinarri orokorrak Portugaleteko udaletxearen webgunean ikus daitezke.
1986an ospatu zen lehen lehiaketan Alvarortega ezagunak irabazi zuen sari nagusia eta segidan geratu ziren Luis González Oset, Javier Otalora eta Javier Pérez Yarza ere. Lehen urtean saritu guztien lanak, baita argitalpena bera ere gaztelera hutsean egin ziren, baina geroztik bi hizkuntzetan ematen da argitalpena eta sarituen artean euskaraz zein gaztelerazko lanak egon ohi dira.
Aurten, 2021 urtean, lehiaketaren 35. edizioa ospatu da. Lanak aurkezteko epea otsaila amaieran bukatu ohi da normalean, eta aurten ekainean eman du epaimahaiak sarituen berri. Hainbat kategoria eta sariren artean, lehen hiru sari nagusiak honakoak izan dira: Alfredo Borés Ricarten ‘Sin querer’, Paula Estévez del Diegoren ‘Ziztu bizian’ eta Usoa Kuartango Rozasen ‘Gauerdiko eguzkian’.
Lan hauek eta hurrengo edizioaren oinarriak hurrengo hilabetetan argitaratuko dituzte aldizkari formatuan orain arteko edizio guztiekin egin duten modu berean.