Quino marrazkilaria eta Mafalda, bere pertsonaia
Argentinako Mendozan jaio zen komikigile handi hau, baita bertan zendu ere orain dela gutxi. Bere hitzetan, ondo hitz egiten ez zuelako marrazten zuen, adierazteko bere modua izan zen marrazketa. Bere ondasun oparoaren artean, ezagunena Mafalda pertsonaia izan da.
Argentinan argitaratu zen komiki tira bat izan zen Mafalda 1964 eta 1973 urteen artean. Emakumezkoa, ile beltzeko neskato txikia. Hurrengo bi edo hiru belaunaldietako emakume askorengan eragin itzela izan zuen protagonista da neskato hau. Beti gizateriaren eta bakearen inguruan kezkatua agertu ohi den pertsonaia, helduen munduaren aurka matxinatua. Mansfiel markako etxeko tresna batzuen promozioa egiteko, 1960ko hamarkadan, Quinori Peanutsen eta Blondieren unibertsoak konbinatzen zituen banda bat sortzeko eskatu zioten. Publizitate kanpaina baterako enkargua ez zen inoiz gauzatu, baina bai, ordea, pertsonaia, Mafalda alegia, Quinoren eskutik sortu zen bozgorailua.
Batez ere Europa eta Hego Ameriketan izan da ezaguna Quinoren Mafalda. 30 hizkuntza baino gehiagotara ere itzuli izan dira tira ezagun hauek. Umorea eta umore absurdoaren bidez berebiziko gaitasun kritikoa azaldu du beti Quinok, gai konplexuak bineta bakarrean edo bineta gutxitan xehetzeko trebezia nabarmena izan du beti. Hain zuzen ere, Quinok honela definitzen zuen bere burua: "ezkorra bai, baina bere lanen bidez gauzak aldatzeko esperantza duena".
"Gure munduaren arazoa da haurrek hazi ahala arrazoimenaren erabilera galtzen dutela. Jaiotzetik dakitena eskolan ahazten dute. Maitasunik gabe ezkontzen dira. Diru truke lan egiten dute, eta, helduaroan, ez dira urez betetako edalontzian itotzen, baizik eta zopa katiluan”.
*Iturria: Quinoren hitzak Le Monde egunkarian 2014ko urtarrilaren 30ean egin zioten elkarrizketatik hartutakoak dira