Cuando las raíces suenan: Ucrania en Euskadi
Euskadin bizi den komunitate ukrainarraren oroimena, identitatea eta adierazpen artistikoak herritarrengana hurbiltzen dituen topaketa kulturala.
Sustraiak eta ahotsak. Raíces conectadas. “Cuando las raíces suenan: Ucrania en Euskadi”
Maiatzaren 28an, Koldo Mitxelena Kulturuneak “Cuando las raíces suenan: Ucrania en Euskadi” izeneko jardunaldia egingo du, Sustraiak eta Ahotsak. Sustrai konektatuak proiektuaren barruan. Ekimenak Euskadiko komunitate ukrainarraren oroimena, identitatea eta sormen‑adierazpena gerturatuko dizkio herritarrei. Topaketa 19:00etan izango da, Santa Teresa komentuan.
Erroak, identitatea eta artea ardatz dituen jardunaldia
Saioa Natalya Mykhaylevskak irekiko du; Gipuzkoako Ukraina‑Euskadi Elkarteko bokala da. Espainian 26 urte daramatza, eta bere ibilbidea gizarte‑, hezkuntza‑ eta komunitate‑arloko lanari lotuta egon da. Bere migrazio‑esperientziaz eta proiektu sozialetan egindako ekarpenez arituko da, baita nazioarteko babes‑programetan asilo‑eskatzaileei ematen dien laguntzaz ere.
Ondoren, Yuliya Prokopenko eta Mariana Ponochevnaren arteko elkarrizketa izango da: belaunaldien arteko solasaldi hurbila, identitatea, oroimena eta artearen zeregina —babes‑gune eta zubi kultural gisa— ardatz hartuta.
Jardunaldia amaituko da Mariana eta Hanna Ponochevna, baita pianista Borja Rubiños ere, izango dituen kontzertu hunkigarri batekin; emanaldiak musika eta sentimenduz jarriko dio azken ukitua ekitaldiari.
Protagonistak
Natalya Mykhaylevska
Ukraina‑Euskadi Elkarteko bokala 2014tik. Espainian 26 urte daramatza, eta bere ibilbidea gizarte‑, hezkuntza‑ eta komunitate‑arloko lanarekin lotuta dago. Ukrainako eskaut mugimenduko kidea da, eta nazioarteko babes‑programa batean irakasle gisa jarduten du, asilo‑eskatzaileei integrazio‑prozesuan lagunduz.
Yuliya Prokopenko
1975ean Cherkasy-n jaioa, medikuntzan lizentziatua da eta 2001ean iritsi zen Espainiara. Ukraina‑Euskadi Elkarteko lehendakariordea da. 2016tik, ukrainar jantzi tradizionalen bilduma bultzatzen du, hainbat erakusketatan aurkeztua. Artisaukin elkarlanean aritzen da, tailerrak antolatzen ditu eta brodatu tradizionalaren digitalizazioa eta nazioarteko hedapena sustatzen du.
Mariana Ponochevna
2005ean Kieven jaioa, txikitatik hasi zen musika‑ikasketetan. Gerra piztu zenean Ukrainatik kanpo zegoen, eta ordutik ez da itzuli. Donostian Batxilergoa amaitu du, kantuko ikasketak egin ditu eta Orfeón Donostiarreko kide izan da. Gaur egun, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan jarraitzen du bere prestakuntza.
Hanna Ponochevna
Cherkasy-n jaioa, abeslaria, pedagoga eta koru‑zuzendaria da. Biolina, biola eta zuzendaritza ikasi ditu; kantu‑teknikaren inguruko eskuliburu baten egilea da, eta abesti kristauak sortu ditu. Donostian bizi da, hiru koru zuzentzen ditu eta musika bidez kulturarteko trukea sustatzen du.
Borja Rubiños Andoainen jaiotako pianista eta repertorista da. Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen pianoa eta, gainera, konposizio‑ikasketak ere bertan amaitu zituen. Bere ibilbidea batez ere laguntza‑lanera eta ganbera‑musikara bideratu du, eta Orfeón Donostiarra, KUP Taldea, Salamancako Antzinako Musikaren Akademia edo European Chamber Opera bezalako taldeekin aritu da. Era berean, Conductus Ensemble eta Donostiako Conjunto Barroco talde barrokoetan parte hartu du, eta Opus III Ensemble‑ko pianista ohikoa da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Nafarroakoarekin ere kolaboratu izan du. Gaur egun, Musikenen irakaskuntza‑lana uztartzen du ahots eta instrumentu laguntzarekin.