Raúl Urrutikoetxea: joan-etorria

2005/10/27 - 2006/1/7
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Raúl Urrutikoetxea
Testuak:
Muntaia:
Prentsa oharra:
Raul Urrutikoetxearen "Joan-etorria" atzera begirako erakusketa izateaz gain, omenaldia izan nahi du, kalitate ukaezineko artista handi eta oparoari, nahiz eta haren ibilbide artistikoa 40 urte zituela amaitu zen. 1984 eta 2002 artean egindako 68 pintura eta 10 eskultura aukeratu ditugu.
Raul Urrutikoetxeak, bere pinturaren bidez, errealaren inbentario geroratu liluragarri bat osatu du. Inbentario nozio hau aukeratu izanaren arrazoia zera dugu, etimologiaz “aurkituaren zerrenda” adieraztea. Izan ere, Urrutikoetxearen obrek ez al dute, bada, aurkitua katalogatzen, aldi berean irudimenaren begi sakonak baliaturik? Horrexegatik, hain zuzen ere, erakusketa honetan zehar ibiltzea haren begirada malenkoniatsuarentzat gogokoen edo hurbilekoenak diren toki edo espazioetan berriro noragabe mugitzea da, eta haren amets sortzaileen joairako bihurguneetara jotzea, arkitektura-xehetasunak lapurtzen edo asmatzen dituztelarik eskultura zoragarri bihurtzeko, edo alderantziz.
“Ikusten dena ez da, beti, dirudiena”, errepikatu ohi zuen Raulek. Laurogeiko urteetako bigarren erdialdean, artista honen pintura, ordurako bere eraikuntzarako poetika dagoeneko nahikoa zehatz definituta bazeukan ere, testuinguru espainiarrean hainbat hamarkada lehenago abiatutako hiperrealismoan edo errealismo magikoan sartzen zuten –Antonio López zen tradizio horretako bidegilerik ezagunena-. Baina zabaldu gabeko bideak ebaki nahi zituen Urrutikoetxearen pinturak, bide desberdinak. Haren pinturek, marrazkiek eta grabatuek erakusten zuten forma-zehaztasunetik haratago joz, sentsazioak eta egin zituen irudietan hain agerikoa den iluntzeko argi hori harrapatzeko grina malenkoniatsuan zetzan mamizkoa.
Esan genezake haren ibilbide piktorikoaren lehen unean halako atxikipen ia-ia arkeologiko bat nabarmentzen dela Donostia edo Bilbon atzera deskubritzen zituen arkitektura edo injinerutzako zenbait lanekiko.
Beraz, ez zuen egia dokumental bat berreskuratu nahi, baizik eta egia poetiko bat, ezinegon eder, bakan eta limurtzaile bat agian. Ezeren minik gabe, zaharkitzearen eta ahanzturaren aurrean jarritako tokien oroimenaz blaitzen den malenkoniaz ordea.
Mugimendu modernoko arkitekturak eragindako liluramendua, Raulen lanetan erakutsia, luzatu egin zen gaur-gaurko beste proposamen batzuekiko adierazi interesaz. Halaz, Guggenheim-Bilbo Museoa zein Kursaala (Mural, 2000) fagozitatu egin ditu haren ikusizko arteak, eta irudizko bide bitxiak eskaini dizkigu. Baina, 2000ko urteaz geroztik, toki eta arkitekturak asmatzeko prozesu emankor bat abiatuko zen, bi hurbilketa moduren bidez: lehena konbentzional samarra izango zen, oihal gaineko pinturan oinarritua (olio-pintura eta akrilikoa); bestea, berriz, esperimentalagoa, irudien eraikuntzan beste teknika eta beste denborazkotasun batzuk finkatzen zituena. Bere arte produkzioaren azken fase honetan, modu digitalean manipulatzen zituen argazkiak zituen abiapuntu, irudi horiek azken euskarriari aplikatzeko (mihisea edo DM izango zen); eta euskarria ere pinturaz lantzen zuen.
Bere praktika artistikoan jorratu duen lerratze berri horretan irudimenezko arkitekturen ex nihilo sorrera nagusitzen da, erreferente errealik gabekoa –aurkitutako elementuen bidez mihiztaturiko dorre-maketa izan ezik. Prisma kezkagarri sorta bat (2002) argazki plotertu gisa agertuko da, edo ukitu piktoriko zenbaitez. Nor bizi da hor, eta zer ari da bertan gertatzen? Aldez aurretik ezagutzen dugu erantzuna: gure irudimenak eman ez duen inor ez eta ezer ez.
Bere azken epean, 2000-2002 urteetan, itxuraz oso bestelakoak diren bi prozesu baliatu zituen aldi berean: figurazioa eta irudimenezko arkitekturak.
Proportzio ñimiñoak dituzten pertsonaia bakartien galeria bat asmatzeko ahaleginetan ariko balitz bezala, pertsonaiok eguneroko ekintzak erakusten dituzte, espazio zehaztugabe eta grabitaterik gabeko batean ordea, inolako testuingurutan kokatzeko aukerarik gabe. Sorta gisa erakusten ditu eta, hauetan, pertsonaia bakoitzaren intimitatea galtzeke eta konpainia berri batez, aurrez zehaztekeko kontakizun askotarikoak aktiba daitezke.
Egiten dituen ikusizko proposamenen multzoak bidaia-koaderno delikatu bat osatzen du; honetan, espazioak, paisaiak, arkitekturazko zein injinerutzako egiturak, argi eta begirada malenkoniatsu baten pean birsortzen dira.
(Fernando Golvanok, Raúl Urrutikoetxea. Joan-etorria. Ida y vuelta katalogorako idatzitako “Inbentarioak (geroratuak)” testuaren laburpena)
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17