Rayco Pulidoren 'Lamia' komikia

Gerra osteko Bartzelona ilun eta txiroan kokatzen gaitu genero beltzeko komiki honek. Pobrezia, ekonomia eta erlijioaren arloetan barneratzen gaitu baina ikuspegi feminista original batetik.
Serieko hiltzaile baten bitartez gatazkatsuak diren hainbat gai jorratzen ditu Pulidok, besteak beste, frankismoaren doktrinamendu erlijiosoa eta amatasuna emakumeen helburu sozial gisa.
Istorioaren protagonista Laia da, bizitza bikoitza daraman Bartzelonako emakume gazte bat. Alde batetik, haurdunaldian bere senarraren ausentzia pairatu behar duen emakume babesgabea eta bestetik, irratiko programa arrakastatsu bateko gidoigilea.
Moralki konplexuak diren pertsonaiek ikuslegoan sortzen duten enpatiarekin jolastuz, Laiak berehala murgiltzen gaitu kontakizunean. Honek erritmo bizia dauka eta laburra izateak irakurketa arina iradokitzen du, 88 orri dauzka komikiak.
Ziurrenik Rayco Pulidoren lanik ezagunena da Lamia, izan ere komiki honen bitartez eskuratu baitzuen kanariarrak Komikiaren Sari Nazionala 2017an. Lan hau Angulemako erresidentzia artistiko batean burutu zuen Pulidok.