Robert Redford (1936- )
Robert Redford Hollywoodeko eskarmentu handiko aktore eta zuzendarietako bat da. 1936. urtean jaio zen eta lanean jarraitzen du oraindik, nahiz eta denbora luzeak eman bere etxaldean erretiratuta zaldiak zaintzen.
1962. urtean paper txiki bat antzeztuz hasi zen zineman; telebistan ere jardun zuen eta, hor ikusi ondoren, Mike Nichols zuzendariak fitxatu zuen antzerkian Barefoot in the Park antzezteko. Geroago pantaila handian protagonizatu zuen obra hori Jane Fondaren ondoan.
Urte horietakoak dira The Chase (Arthur Penn) Marlon Brandorekin eta Jane Fondarekin egindakoa, edota Inside Daisy Glover, Natalie Woodekin batera.
Butch Cassidy and the Sundance Kid filmaren bidez lortu zuen bere lehen arrakasta handia, izar eztabaidaezina bihurtzeraino. Film hori George Roy Hillek zuzendu zuen eta Paul Newman lagun handia izan zuen film-lagun. Redfordek interpretazio onenaren Bafta Saria lortuko zuen film horrekin.
Talde hori bera atera zen berriro garaile The Sting filmarekin, izan ere, film horrekin 5 Oscar Sari lortu baitzituzten eta Redforden izendapena.
Garai horretako beste film interesgarri batzuk honako hauek dira: The Candidate, Jeremiah Johnson, The Way We Were, The Great Gatsby, All the President's Men, eta The Electric Horseman -berriro Jane Fondarekin-.
80ko hamarkadan beste arrakasta handi bat lortu zuen Meryl Streeperen alboan Out of Africa filmarekin (Sydney Pollack). Film horrek 7 estatuatxo lortu zituen.
Legal eagles eta Brubaker filmak ere hamarkada horretakoak dira. Zuzendaritzan egin zuen lehen lanarekin zuzendari onenaren Oscar Saria irabazi zuen Ordinary People filmarekin, Donald Sutherland eta Mary Tyler Mooreren ondoan.
Geroago beste honako film hauek zuzendu zituen: The Milagro Beanfield War, A River Runs Through It, Quiz Show, The Horse Whisperer, The Legend of Bagger Vance eta The Company You Keep. Horiez gain, Sundanceko Zinemaldiaren sortzailea izan zen, non zinema independenteak erakusleiho aparta duen.
Bere azken garaikoak dira Habana (Sydney Pollackekin berriro), Up close & personal, Spy Game, The clearing, Indecent Proposal, The Last Castle, An Unfinished Life eta Lions for lambs filmak.
2001. urtean Ohorezko Oscar Saria eman zioten egindako ibilbide profesionalarengatik.
Robert Redforden zinemaz gozatu ahal izango dugu uztailaren 13tik 24ra bitartean.