Rockomikiak Gasteizen
Rockomikiak, bineta eta doinuak erakusketa, gure Ganbaran izan zen ikusgai 2014ko abenduan eta 2015eko urtarrilean. Komikigunearen produkzio honek, komikia eta rocka uztartzen zituen erakusketa hain zuzen, 80 eta 90. hamarkadetan kulturaren adar hauek nola bat egin zuten eta Euskal Herriko giro kulturala zein zen azaltzea zuen helburu. Erakusketak izaniko harrera beroa zela eta, astebetez luzatu zen bere egonaldia eta halaber, KOLDO MITXELENA Kulturuneak erakusketa udaletxe eta ordezkari kultural ezberdinen esku jartzea erabaki zuen.
Erakusketa Gasteizera lekualdatu da orain. Pasa den larunbataz geroztik, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egongo da ikusgai, maiatzaren 3ra bitartean. Ehundaka lagun bildu ziren larunbateko inaugurazioan.
Gurean bezalaxe,erakusketa ez ezik, hitzaldiak, doako tailerrak, ikastetxeentzako bisita-gidatuak eta besteriko ekitaldiak biltzen dituen egitaraua [PDF] sortu da. Gonbidatuen artean, Asisko Urmeneta, Garbiñe Ubeda, Yurre Ugarte, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde, Harkaitz Cano, Koldo Almandoz eta David Zapirain izango dira.
Antolatutako doako tailerren artean, nabarmentzekoa da atzo hasi zen Wikipedia tailerra, publiko orokorrari zuzendua dagoena. Rockomikiak izeneko wikiproiektuan, erakusketaren edukietan azaltzen diren marrazkigile, gidoilari, musikari… eta bere obrei buruzko artikuluak sortzeko eta osatzeko tresnak erakutsikozaizkie parte-hartzaileei. Ekintza interesgarria da dudarik gabe, sortzen dituzten edukiak Wikipedia erabiltzen duen ororen esku egongo baitira erabilgarri, erakusketahonen ondare iraunkorra bezala. Martxoaren 11, 16an, eta 18an jarraituko du tailerrak Xabier Armendaritz izango da irakaslea.