Rosa Brun
2005/10/27 - 2006/1/7
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Rosa Brun
Testuak: Piedad Solans
Muntaia:
Prentsa oharra:
Erakusketarako Rosa Brunek 1991 eta 2005 artean egindako 17 pintura eta 5 eskultura aukeratu ditugu.
Rosa Brunen obrari begiratzeko sentsibilitate eta oroimen artistikoa behar dugu ezinbestean. Haren obren zabaldurak, bolumenak, grabitatea, kolorea, pisua, dentsitatea, ertzak eta euskarriak bidaia baten aztarnak dira, historiaren joaira gorabeheratsuaren paraleloan doan “beste” bidaia izugarri luze baten aztarnak, behin eta berriz atzera piztuak: pinturarenak. Itxura batean begiak masa, lerroa, grabitaterik eza edo tonua besterik ikusten ez duen tokian, pentsamendu estetikoaren, gizakiaren irudien, pertzepzioaren, lengoaiaren igarotze etengabea biltzen da.
Brunen obra arte ikerketa eta jarreren gurutzatze konplexu batean bilbatzen da. Horien ezaugarria mugen -koadroa, eskultura, espazioaren eta begiradaren eraikuntza, eta irudikapena- lerratze bat da, eta planteatzen duten esperientzia estetikoaren kontzepzioan dagoeneko ez dago designaziorik ez esangurarik, baizik eta eremu eta mapekiko topaketa, gauzekiko berekiko zein hauek eragiten dituzten gertaerekikoa; eta esperientzia estetiko honetan ez dago jada espresiorik, baizik eta adierazi ezinaren agerkundea.
Bere obra ez da, beraz, Rothko edo Barnett Newman-en, color-field painting amerikarraren eta minimalismoaren ostean agortutako abstrakzio baten errepikapena, nahiz artearen “historiaren” irakurketa ortodoxo eta bilakaeraren araberako batek horrelakotzat “har” lezakeen. Bildu egiten ditu bere planteamenduez lengoaiaren ontologiaren -nominalismotik estrukturalismoraino-, psikoanalisiaren, antropologiaren eta filosofiaren paraleloan joan den arte baten sakoneko arazoak.
Elemento de la naturaleza, Resonancia edo Antesala bezalako izenburuak alde batera utzirik, horiek aipatu bainituen I, II, III, IV, V. eta abarretan, Rosa Brunek saihestu egin du, bere arte ibilbidean zehar, bere obrei esangura konbentzional bat, deskripzio, erreferentzi edo interpretazio kode bat eman diezaiekeen izenik ematea. Horrela, agerian utzi nahi zuen bere obren eta lengoaiaren proiekzio aleatorioen arteko etena, izenak objektuari ezartzen dion zentzu-muga. Artelanaren gainean dabilen hitzaren mamua. Haren tituluak –Deerro, Cybea, Livor, Deonero, Antera, Ralbar, Aresta, Regulus- latinezko hitzetatik helduak dira, edo gaztelaniazko hainbat hitzaren arkaismoak dira, artistak berak dioen moduan “duten esangurak koadroarekin poetikoki bat egiten duen zerbait iradokitzen didalako” hautatuak. Esate baterako, Ralbar hitzaren esanahia ‘lurrei lehen golde-pasada ematea da”. Hitzen eta gauzen artean zabaltzen den zentzu-tartea gainditzen duen lotura poetiko bat.
Mende beteko abstrakzioaren herentzia bereganatuz, Rosa Brunen obrak pintura abstraktuarenaz besteko norabide bat planteatzen du; izan ere, pintura abstraktuaren hasierako kontzepzioa, koadroa testuingururik gabeko mundu isolatutzat hartzen zuena bere errealitatea markoaren mugen barnean bilduz, gainditu egin zuten bai minimalismoak bai kolore-eremuzko pintura amerikarrak, William Tucker, Robert Smithson eta Donald Jud-engandik hasi eta Ad Reinhardt, Barnett Newman eta Kenneth Noland-enganaino iritsiz. Brunek zona askotara zabaltzen ditu bere obren aukerak, eta bide asko baliatzen ditu: burdinazko edo zurezko xafla astunak erabiltzea pinturaren oinarri gisa, kolorea euskarrien dentsitatearekin lotzea, edo kristalen arintasun eta gardentasun itxura; materialek paretetan, sabaian eta lurrean dituzten oihartzunak, kokatuta dauden arkitekturako beste gainazal edo eremu batzuekiko harreman-eremuak aktibatzen dituztela; piezen kokapen eta ordena, eta hauek elkarrekin eta hurreko testuinguruarekin antolatzen duten indar-eremua; egitura primarioz –laukizuzenez, laukiz, zur edo metalezko zerrenda luzez- osatutako sistema aleatorioen sorrera, egiturok errepikatzen, urruntzen edo txandakatzen direla; eta kolorezko eremu lauak, zurezko eta metalezko xaflek bezala pisua eta bolumena zabaltzen edo kondentsatzen dituztenak. Azken batean, mugako lengoaia bat eraikitzea da, honen xedea, konbentzioak, kodeak eta zeinuak finkatzea baino gehiago, erauztea, zulatzea, zeharkatzea, bideak ebakitzea eta ibilbiderako mapak zabaltzea baita; eta eginkizun honetan koloreak eta materialen elkarren gaineratze edo aldamenekotasunak geruzak, ezkutatzeak eta sedimentazioak itxuratzen dituzte, eta zentzu mozketak, jauziak, frikzioak, hausturak eta alboratzeak, Deonero, Cybea, Livor, Rupes edo Elemento del natural-en bezala. Horrela, Deonero-n, burdinazko xafla handi bat zur zatitxo irregular baten gainean dago, eta Livor-en, berriz, zuriz margotutako habe batek zurezko pieza karratu baten gainean oinarritu eta egiten du gorantz; Cybea-n, burdinazko eta zurezko azalek elkar hartzen dute, elkarri eusten diote, eta elkar zapaltzen dute.
Topatze eta urruntze jokoak, argitara ateratze eta ezkutatzekoak, euste eta arintasunezkoak, orekak eta desorekak, zirkulazioak eta gelditzeak, pisuak, igotzeak eta bridatutako erortzeak. Mapa hauetan ez da joan behar dugun bidea bilatu behar, baizik eta toki mental, emozional eta gorputzez iragangarri baten sorburua aurkitu, bizi garen fluxuen iraunkortasuna aurkitu, horietan gauzen nahasketek, hartu-emanek eta elkarrekiko loturek emozio, ekintza eta esperientzia eremuak sortzen baitituzte, eta pinturetako kolorea, berriz, espazioaren joaira bihurtzen baita. Izan ere, badirudi ezen Rosa Brunen koadro eta marrazkiek, zurezko xafla astunetan egin edo oinarritu horiek, beren ordena eta solidotasun zorrotza hor badira ere, espazioa mugitzen, astintzen, mugarik gabe zabaltzen dutela, eta espazio honi pisua, bolumena, bibrazio-eremua ematen diotela, argiaren ehundura grabitate-gabeen bidez ingurua estaltzen duen “azala” kentzeaz batera. Koadro eta marrazkien energia ez da ertzetan amaitzen: haratago hedatzen da, hormetan, sabaietan, zoruetan, atmosferan, isletan eta ikusezinean, sentsazioak, emozioak eta ideiak pizten dituzten oihartzun atzemanezinen espazio bat sortuz. Antera edo Enza-ko kolorezko eremuak eta Regulus, Ralbar, Aresta edo Natus-en zonak bereizten dituzten jauziak, gauza amaitua erakusten digun akasgabetasuna hor badago ere, eta izugarri handiak badira ere, eremu itzel batzuen xehetasunik ñimiñoenak direla ematen du, mundu flotagarri eta neurtezinen, hasierarik zein amaierarik gabe luzatzen diren eta unibertsoaren mugekin estropezu egiten duen pentsamenduaren paradoxari eusten dioten horien zati; ezen, unibertsoa mugatua bada, zer dago amaieratik harantz? Eta mugagabea bada, non ote amaiera? Beren hustasun eta anbiguotasunaz, erakusten digute eraiki ditugun irudikapen eta ideiak munduaren eta gauzen erreferentzia-marko hutsak direla, baina ez direla mundu eta gauza horien iragazgaiztasuna, arroztasuna, enigma “ukitzera” iristen; azken batean balore eta neurri sistemak dira, gu zehaztugabetasunaren kaosean, lengoaia “kanpoaaldearen” espazio zabalean, kokatu eta bertan jarrera lasaigarri bat hartzeko balio dutenak.
(Piedad Solansek Rosa Brun katalogorako idatzitako “Lengoaiaren kanpoaldea” testuaren laburpena)
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04