San Juan Eguneko Lizarra
Tradizio egunari errepaso bat emango diogu
San Juan Eguneko Lizarra
Ezaguna da San Juan suaren festa, Euskal Herrian eta Estatuko hainbat tokitan ekainaren 23an ospatzen dena. Urteko egunik luzeena da: udako solstizioa. Lau hostoko hirustaren bila abiatzen ziren gazteak garai batean, zorionaren bermatzaile zelakoan.
Bestalde, ikasleek, batere erromantizismorik gabe, ikasturtean erabilitako liburuak sutara botatzen zituzten, bukatutako epe bateko lekukoak ezabatu nahian apika.
Errotutako beste tradizio bat hau da: San Juan eguneko goizean, lizar adarrez egindako gurutzeak jartzea etxeetako atariko alde banatan edo atearen gainean.
Tradizioak dioenez, lizarra ez da bedeinkatu behar, bedeinkatua sortzen delako. Egia esan, Europako antzinako kulturetan arbol sakratutzat hartzen zen.
Jose Mari Satrustegik hauxe esaten du Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra izeneko aldizkarian 1977. urteko artikulu batean: “Lizar eta elorri ezpalekin egindako gurutze txikiak baserri eta bordako atalburuetan josten ziren tximisten aurka eta era guztietako gaitzen kontrako babesle”
Etxeetan bai, baina gurutze hauek soroetan jartzeko ohitura galtzen ari da aspaldian. Laudion, adibidez, gurutzeen ordez, lizar adarrez osatutako arkuak jartzen dira.
Lizar adarrak bezperan hartu eta egunsentian jarri behar dira, eguzkia atera baino lehen, bere bertuteak gal ez ditzaten. Bertan mantentzen dira San Pedro eguna arte. Zaharrenen esanetan, egun horretan kukuak alde egiten zuen herri txikietatik.
Bizkaiko beste herri batzutan, berriz, gazteak mendira joaten ziren lizar adarrak biltzera egunsentia aurretik. Atarian eta balkoietan jartzen zituzten eta bertan mantentzen ziren bai etxea eta bai etxekoak ekaitz eta tximistetatik babesteko urte guztian zehar. Hurrengo urtekoak jartzeko, zaharrak jasotzen ziren eta San Juan sutan erre.
Donostian, berriz, Konstituzio plazan dantzari eta txistulariek omentzen dute San Juan eta Koldo Mitxelena Kulturuneko sarrera apaindua izaten da halako adar berdez. Aurten ere babesa eskatzeko prest agertuko da KMKko eraikuntza.