San Telmon ikusiko dugu elkar
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko funtseko 30 dokumentu baino gehiago daude San Telmo Museoak uztailaren 1etik urriaren 15era bitartean antolatutako “Klima ideala” erakusketan
San Telmon ikusiko dugu elkar
Mikel Lertxundi da erakusketaren komisarioa, eta bertan KMK Liburutegiko kartel eta liburuxka ugari daude ikusgai. Diseinu horiek Donostia eta bere ingurua helmuga turistiko gisa kokatzen lagundu zuten. Bertako kostaldea eta mendiak, folklorea eta tradizioak, kultura- eta kirol-programazioa… Horretarako, Carlos Landi tolosarra, Tomas Hernández donostiarra eta Antonio Valverde, Ayalde; bera bezalako euskal artista ospetsuak izan zituzten oinarri. Zalantzarik gabe, garai eta estetika nahastezin baten isla eta marka dira.
Eta bidaian bagoaz…zer hobe gida bat baino? Horiek ere San Telmon izango dira, eta 20. hamarkadatik egingo dugun paseoan gidatuko gaituzte. Hainbat hizkuntzatan idatzita eta, nola ez, dagozkien planoekin lagunduta, duela 100 urteko hiria aurkezten digute, bai kaleak eta eraikinak, bai jaiak eta ekitaldiak.
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak ondare funts aberats eta garrantzitsu bat gordetzen du, hainbat garaitako eta euskarri desberdinetako obrez osatua. Digitalizazioak online dokumentu horietako askotarako sarbidea ematen badu ere, erakusketek, San Telmoko Clima ideal kasu, lan horien edertasunaz aurrez aurre gozatzeko aukera ematen digute. Beraz, han izango gara zuen zain! Bitartean, bertan aurkituko duzuenaren lagin txiki bat erakutsiko dizuegu