Sara Moranteren 'Flor fané' komikia
Sara Morante
Flor fané
Astiberri, 2021
Torrelavegan jaio zen Sara 1976an eta gaur egun Hendaian bizi da. Sararen lanen artean nabarmenenak eleberrientzat egindako azalak eta ilustrazioak izan dira orain arte, eta ilustrazioari lotuta jaso izan ditu, gainera, bai Euskadi Saria eta baita Premio Nacional de Arte Joven del Gobierno de Cantabria ere. Berak idatzi zein ilustratutako liburuak dira ‘La vida de las paredes’ (Lumen, 2015) eta ‘Flor fané’ (Astiberri, 2021). Egun, publizitate zein prentsarako kolaborazioak ere egiten aritzen da.
‘Flor fané’, edo frantsesezko hitzetik datorren esanahiak dioen bezala, “flor marchita” adierazi nahi duen liburu hau oso sakona da. Bertako protagonista Olga gaztea da, eta bere hitzetan jarriz, azaldu digu liburuan egoera itogarri batean nola bizi den Olga, eta egoera horri zein aurpegirekin begiratzen dion erakutsi nahi izan digu Sara Morantek. Etxeko biolentziari nola egiten dion ihes, imajinazioa eta sorkuntzaren bidez hain zuzen ere.
Testua eta ilustrazioak bikain daude josita, elkar-eragin handia dute uneoro istorio honetan. Ilustrazioa, testua eta komikia. Batzutan irudi soila, bestetan testuaren lagungarri eta beti esanahi handiz lotuta tinta guztiak. Ilustrazioak gainera, teknika ezberdinekin egindakoak dira, momentuko kontakizunari lotzeko adiera ezberdinak erabiliz.
Egileak berak azpimarratu izan duen bezala, gaia dramatikoa izan arren, liburu honetan azpimarratzen dena zera da: nola sortu, nola imajinatu eta nola bidaiatu edozein dela ere gertuko egoera, nola bizi, egunerokotasunetik abiatuz.