Saul Bellow (1915-2005)
Egun hauetan betetzen dira 100 urte Saul Bellow jaio zela. Idazle hori Kanadan jaio zen errusiar jatorriko familia judu batean, baina umea zela Chicagora joan zen bizitzera familiarekin.
Judu jatorriko idazleengan eragin oso handia izandakoa da. Besteak beste, honako idazle hauengan: Bernard Malamud, Howard Fast, Norman Mailer, Allen Ginsberg, Ira Levin, William Goldman edo Philip Roth.
1976. urtean Pulitzer Saria irabazi zuen eta hilabete batzuk beranduago Literaturako Nobel Saria jaso zuen bere lanetan egiten duen gizarte garaikidearen ulermen eta azterketa finagatik.
Haren obran aipatu beharrekoak dira, besteak beste, lan hauek: Dangling Man, The Victim, The Adventures of Augie March, Carpe Diem, Henderson, the rain king, Herzog -eleberri horrekin arrakasta ekonomiko izugarria lortu zuen-, Mr. Sammler's Planet, Humboldt's Gift , The Dean's December, To Jerusalem and Back, More Die of Heartbreak, It All Adds Up eta Ravelstein.
Diotenez, Herzog da, seguruenik, haren lanik hoberena eta hor ageri dira bere gaztaroan gehien markatu zuten oroimenak eta bere beste hiriarekin, New York hiriarekin, hain zuzen, izandako harreman kontraesankorra.
Philip Rothek egindako elkarrizketa batean, hauxe zion hiri horren inguruan: Nere burua zoriontzen dut New York hiriarekin borrokatzen jakin dudalako, baina ez nituen inoiz han nire gatazkak irabazi, ez nion inoiz inolako giza goxotasunik eskaini han gertatzen zenari…, ez nintzen inoiz eroso sentitu New Yorken.
Idazle bikain horren lana ezagutzera gonbidatzen zaituztegu haren mendeurrenean.