Sergio Toppiren Americania komikia

Americania
Ponent Mon, 2020
Sergio Toppi (1932-2012) italiar komikigile handi eta donetsia. Italiar estiloko komikiaren aita ere deitu izan diote eta bere eragina nabarmena da europar zein amerikar komikigintzan. Medikuntza ikasketak burutzen hasi baldin bazen ere, berehala hori utzi eta aldizkari italiarretan ilustratzen hasi zen, ondoren komikirako saltoa eginez. Hainbat argitalpenetan parte hartu bazuen ere, aipatzekoa da Corto Maltes aldizkarian marraztu zuela tartean.
Bere estiloari dagokionez, zuri beltzaren maisua dela azpimarratu behar dugu. Akuarela eta gouache teknikak ere menperatzen baldin bazituen ere, deigarria da zuri-beltzaren erabilera hutsarekin, lortzen zuen ikusgarritasun handia, paisaiak, testurak edota pertsonen aurpegien bidez sentimenduak modu ezin hobean adieraztea.
Bere azken urteetako album zein istorioak jasotzen dira Ponent Mon argitaletxeak atera berri duen Americania lan mardulean. Bertan Toppik amerindioen gainean gizon zuriak egindakoak salatzen ditu, indioen ohiturak eta bizimoduaren detaileak azaleratuz.
Honako istorioen bilduma da Americania: El amor a la vida, Naugatuck 1757, Mientras vivas, Una sola vez en la vida, Little Big Horn 1875, Responde a mi pregunta, El reposo del amirante, Una visita para John Colter, Katana, Blues, El heredero. Istorio guzti hauek 1976 eta 2007 urteen artean argitaratuak izan ziren.
Lan honen bildumaratzea José E. Martínezek egin du eta berea da gainera hitzaurrea ere. Bertan istorio bakoitzaren lehen argitalpena aipatzen du eta baita hauen xehetasunak ere.