Sexua, generoa eta sexualitatea
Sexua, generoa eta sexualitatea
Ekainak 4, astelehena, 19:30ean (gaztelaniaz)
Inkontzientea eta sexualitatea
Freuden aurkikuntzek erakutsi zuten giza sexualitatea eta biologia independenteak zirela; begien bistan geratu zen animaliekiko zegoen aldea, horientzat instintuari jaramon egitea bide segurua baita dituzten beharrak asetzeko. Gizakia, aldiz, hizkuntzaren gatibu da, eta hainbat bidegurutze gainditu behar izaten ditu bere barnean trauma, argitu gabeko enigma edo agindu ulertezin gisa bizi duen sexualitateari irtenbide bat eman ahal izateko. Nerabezaroan, sexudun agertzera deituak garen aroan, ageriko egiten dira jokamolde alderraiak, gehiegikeriak, lotura arraroak eta mendekotasunak; azken batean, bizitzak berezko duen zailtasunaren sintoma dira, eta ezin izaten dira kontsignen edo erantzun prestatuen bidez deuseztatu. Norberak egin behar izaten dio aurre zenbait faktorek baldintzatzen duten esperientzia konplexuari. Esperientzia horretan funtsezkoak izaten dira haurtzaroko traumen eragin inkontzientea, desiratua eta babestua izan den modua, edota gurasoen genero desberdintasunak klandestinoki interpretatzera iritsi zen modua.
Zer desberdintasun aurkitu zituen psikoanalisiak gizonen eta emakumeen artean? Zer ekarpen egin zion Lacanek sexualitate femeninoaren ikuskerari?
Ekainak 5, asteartea, 19:30ean (gaztelaniaz)
Generoaren eztanda eta horren ondorioak
Ezin da alboratu psikoanalisiak nabarmen eragin zuela XX. mendean sexu rolak aldatzen, batik bat aukera homosexualei zegokienez, kondena morala, legala eta psikiatrikoa gainditzen lagundu baitzuen.
XX. mende amaieran eta XXI. mendearen hasiera honetan, zibilizazioak eraldaketa nabarmenak jasan ditu teknikak ekarri duen asebetetze eskaintzari eta diskurtso kapitalistaren inperioari lotuta; bitartean, genero bitarrak eztanda egin du, eta gozamen ez normatiborako eskubidea aldarrikatu da ezinbestean.
Gaur egun, transexualitate eta transgenero gaiak eta queer generoaren zabalkundeak garrantzia politiko handia hartu dute. Hainbat herrialdetan, zuzenbideak aintzat hartu ditu genero neutroaren inskripzioa eta sexu aldaketa. Aldi berean, unibertsitate ikasketak areagotzen ari dira, eta mediku arreta eskaintzeko «genero unitateak» jartzen dira martxan.
Zer eskaintzen dio psikoanalisiaren klinikak generoa pluralago egitearen eztabaidari? Nola egiten zaio aurre ikuspegi honetatik genero indarkeriari?
Vilma Coccoz
Psikoanalista
Psikoanalisiaren Eskola Lacandarreko eta Psikoanalisiaren Munduko Elkarteko kidea. Freudiar Eremuaren Institutuko irakaslea. Hainbat liburu idatzi izan ditu lankidetzan: Tres estéticas de Lacan; El padre en la literatura; Mujeres, una por una; Adolescencias por venir; Elecciones de sexo; Variantes de la depresión en las mujeres. Bi liburuki zuzendu ditu: La práctica lacaniana en instituciones.Editorial Grama. Buenos Aires. I. liburukia (2014) eta II. liburukia (2017). Argitaratu berria den liburu honen egile ere bada: Freud, un despertar de la humanidad. RBA Editores. Bartzelona. 2017.