Shu Oteroren 'Voces de Chimalpopoca' komikia
Shu Otero
Voces de Chimalpopoca
Astiberri, 2021
2017 - 1985 = 32 urte.
Gertaera ikaragarri berdinaren aurrean, nola aldatu da gizartearen jarrera? Ez gara edonolako gertaeraz ari, lurrikara batetaz ari gara. Eta ez gara ari edonongo lurrikara batetaz, ez da nonahi, hiri-monstruo batean baizik, Mexiko DF-n hain zuzen.
Otero han zegoen 2017ko lurrikaran; irailaren 19an. Bera jaio baino 10 urte lehenago, egun berean, eman zen gainera halako beste lurrikara ikaragarri bat. Erraza da galdetzea: zu han egon izan bazina, zer egingo zenuke?
Bi gauza egin zituen Shu Oterok. Bata, lagundu. Eta bigarrena, gertatutakoaren memoria kolektiboa osatzen lagundu.
Horrela, ahots biltzaile bihurtu da artista. Komiki dokumental honetan lurrikararen osteko herritarren antolaketaz mintzo da: oztopoak, laguntza, hiria, elkartasuna, ustelkeria...
Lurraren ikaraz eroritakoak, giza kondizioaren miseria eta loria, hauek ere, utzi zituen agerian.
Izan ere, tamainako hondamendiak sortu kalteak konpontzea erabateko lehentasuna izango duela pentsatzea guztiz logikoa bada ere, Oterok argiki uzten du agerian hori ez dela horrela.
Jostunen lantegiaren azpian geratzen dena eta gertatu dena dugu bereziki mingarri komiki honetan.
Estilo undergrounda erabiltzen du artistak; horrekin batera, beste errekurtso estilistiko batzuk ere bai: hara non 85eko artxiboetatik errekuperatutako irudiak eta Mexikoko loteriako irudiak. Hiria amaraun gisa errepresentatzea ere oso irudi grafiko potentea iruditu zaigu.
Komikia gizartearen memoria gordetzeko tresna egokia dela berresten du lan honek modu bikainean.