Sir Desastre: De Tom y Jerry a Las supernenas
Mauricio Jose Schwarz
De Tom y Jerry a Las supernenas: la aventura de Hanna-Barbera
Dolmen, 2015
Olentzero gurasoak dira; eta Hanna Barbera bi gizonezko. Horrelako irakaspenak ematen ditu bizitzak.
Era berean, M.J. Schwarzek beste irakaspen bikaina eman du lan honetan. Hanna Barberaren estudioen historia. Izan ere, hasiera batean “neurri gabeko zaletasuna” edo frikismoak jota ematen badu ere, liburu hau historia liburu bat da: teknika batena, animazioarena.
Nola lortu zuten Hannak eta Barberak negozio horretako erabateko nagusitasuna urte luzez? Prozesu osoa modu zehatz eta idazmolde interesagarrian biltzen du Schwarzek. Animazioaren sorreratik egungo makro-monopolioetara iritsi bitartean. Bitarte horretan, Hanna eta Barberaren lana izaten du ardatz.
Bai eta, noski, estudioaren pertsonaiak ere. Alabaina, halakorik infantilismotik edo iragan-minetik kontatzen duenik ez zaigu iruditu. Noski, ikerlariaren haurtzaroak zer ikusia izango du gaia aukeratzerakoan, baina horrek ez du kontakizuna zuritzen. Esan bezala, estudioaren garapena eta garapen horretan sortutakoa dugu ildoa honetan. Arrakasta, neurri gabeko arrakasta eta porrotak.
Datu asko harrigarriak egin zaizkigu; haien artean bi jenio hauen arteko harremanari dagokiona. Ordea, beste datu asko gure haurtzaroko marrazki haiek ordenatzeko oso lagungarri izan dira.
Azkenik, Hanna-Barberaren amaiera ere oso argigarria egin zaigu, aro aldaketa islatzen baitu, eta haurtzarotik egungo gizartera ekartzen gaituelako. Dena den, aldaketa horretan bestelako hausnarketa utzi du Schwarzek, Hanna-Barberaren ekoizpen modua (animazio mugatua) eta egun interneten egiten dena alderatuz.
Bukatzeko, teknika aldetik, animazioaren aldetik, historiaren aldetik, arlo ekonomikoaren aldetik,… “neurri gabeko zaletasunaren” aldetik… hamaika arrazoi daude liburu hau gomendatzeko.
Sir Desastre