Solasaldia: Justin Hiriart
Datorren azaroaren 12an, arratsaldeko 19:00tan, Justin Hiriart komikiaren inguruko solasaldia izango dugu Komikigunean. Komikiaren egile diren Gregorio Muro “Harriet” (gidoilaria) eta Francisco Fructuoso (marrazkilaria) bertaratuko dira.
Justin Hiriart 80. hamarkadan argitara eman zen komiki seriea da eta euskaraz (Erein) zein gazteleraz (Harriet ediciones) berriki berrargitaratu da ale integralean.
Bertan, XVII. mendeko euskal baleontzien abenturak kontatzen dira. Kanadako kostaldean mugitzen diren baleazale horiek pirata ingelesekin, abenturazale frantsesekin eta indigena indiar eta eskimalekin gurutzatuko dira.
Justin Hiriart komikiari merkatu internazionaleko ateak ireki zitzaizkion hainbat hizkuntzetara itzuliz eta Europako hainbat argitaletxek interesa agertuz. Era berean, hainbat sari jaso zituen, Italiako Lucca edota Angoulemerako nominazioa.
Gregorio Muro ‘Harriet’ Hernanin jaio zen 1954an. 80ko hamarkadan bere lehen komiki istorioak argitaratu zituen Erein, Ttarttalo, Elkar edota HABEn (Habekomik, Ipurbeltz, Zipristin, Puxka Muxka…), hainbat marrazkilarirekin elkarlanean.
Horien artean, Francisco Fructuoso. 1954an Murtzian sortua, baina laster Donostiara mugituko dena. La Voz de España egunkarian kolaboratzaile aritua, 80. hamarkadan ere bere lehen komiki istorioak argitara eman zituen.