Soledad Sevilla. Lurtest
2000/3/3 - 2000/5/13
Komisarioa: Ana Salaverría
Artistak: Soledad Sevilla
Testuak: Fernando Golvano, Marina Mayoral
Muntaia: Tema SA
Prentsa oharra:
Soledad Sevillak (Valentzia, 1944) bere ibilbide artistiko luzean - gogoan izan, bakarkako aurreneko erakusketa 1969an egin zuela- jirabira bat baino gehiago eman ditu arte munduan eta gaur egungo sorkuntzaren esparru heterogeneo horretan toki nabarmena lortu du. Hasieran geometriako abstrakzioaren tradizioei lotutako pinturarekiko interesa nagusitu zitzaion: forma erretikularrek eta horien gaineko aldaketek zeinu eta ikerketek osatutako begietako ekonomia espezifikoa eratzen zuten bere lanetan; horietan objektibotasun eta hausnarketa konstruktibo zenbait espiritualtasunera hurbiltzeko beste modu bat ziren, baina halabeharrari, gerta daitekeen horri eta adierazkortasunari ia zirrikiturik utzi gabe. Madrileko Kalkulu Zentroak antolatzen zituen mintegietan parte hartu zuen Yturralde, Sempere, Asins eta Alexanco artistak lankide zituela. Ondoren, Harvard-ko unibertsitatean egon zen garaian, moduluek eta geometriak ematen zizkioten aukerak ikertzen jarraitu zuen, baina pinturaren alorrera zabalduz. Hala, bere lanetan atmosfera espazialen sorkuntzarako bidea hartu zuen, izan ere, halakoetan, erretikula piktorikoak eta beste elementu batzuek -argiak, esaterako- ikuslea bildu eta kezka poetikoa eta mistikoa sortzeko aukera ematen baitzioten.
Laurogeiko hamarkadaren hasieran egin zituen aurreneko instalazioak, baliabide adierazkor eta ikertzaile nagusi modura hartuta eta horien bidez pinturarekin etengabeko hartu-emana lortu zuen; gainera, elkarrizketa horrek abstrakzio lirikoaren esparrura eraman zuen eta batzuetan figurazio leun batera ere bai. Nolanahi ere, instalazioetan jardun artistiko horretan nagusi den joera kontzeptualetik ihes egiten saiatu zen, emozioaren eta arrazoiaren artean, esperientzia plastikoaren eta poetikoaren artean beharrezko den konplizitate hori ezartzeko. Forma arazoak alde batera utzita, laurogeiko hamarkadaren erdi aldetik aurrera, bere lanen bidez bizitzan zehar lagun izaten ditugun zentzu, gora-behera eta dramak bilatzeari ekin zion. Hala, bere instalazioetan aipamen poetikoak egiten dizkie denborari eta bere bi aurpegiko dinamikari, sormenaren eta zaharkitzapenaren eragile baita aldi berean; urari, bizitzaren irudi eta leku liluragarrien, adibidez Granadako Alhambraren, memoria den horri; argiari, atmosfera eta espazio metamorfikoak sortzen dituen horri; lurrari, egunerokotasunaren sustrai eta oinarri denari; forma erretikular eta fragmentarioei, aldi berean atzeman ezin den osokotasunaren sarrera direnei, arabiar arkitekturan hainbat eta hainbat aldiz agertzen diren motibo horien beste memoria bat eta bere ikerketa plastikoen beste oihartzun bat baitira. Kobrezko eta kotoiazko haria ere maiz asko erabiliko ditu.
KM kulturuneko erakusketa aretoan ikusgai dauden Música de agua, Lur eta Casa para la conciencia instalazioak KM kulturuneak ekoiztutakoak dira. Aurrenekoa eta azkena urak eta argiak bat egitean sortarazten duten adierazkortasunaren bi aurpegi horiekiko interesaren irudi dira: mugikortasuna/mugikortasunik eza, ezkutukoa/agerikoa, argia/itzala, irudia/isla. Beste lan batzuetan ere Fons et origo (1987) eta La habitación de la lluvia (1995) izenekoetan ildo beretik jo zuen. Lur delakoan, berriz, material naturalak eta eraikitakoak biltzen ditu paradoxikoki eta bi aurpegi erakusten dizkigu konposizio eta koloreari dagokionez. Lan horiek beste esparru batzuk eta beste garai batzuk ekartzen dizkigute gogora oroimenean gordetako irudi haien arrastoa bailiran. Land art zenaren oihartzuna ez ezik erromantizismo fraternoarena ere badakarkigute, naturaren esperientzia adieraztezina lagun dutela.
Soledad Sevillaren lanak ikusirik denbora osoaren bila dabilela ikusten dugu, esperientzietan eta gertaera paradoxikoetan aberatsa den denbora horren bila, munduaren misterioei, on eta txarrei ateak irekitzen dizkiena. Isil-isilik, edozein garai eta tokitatik kanpo gelditzen dira. Geure baitan bildurik so egotera baino gehiago, lan horiek munduan gaudela ospatzera gonbidatzen gaituzte, iragarpen, zalantza eta itxuraldaketa guztiak aldean ditugula. Hausnarketa poetikoa, bere lanetan hainbeste aldiz agertzen dena eta sarritan ukitu malenkoniatsu hori duena, bere instalazio eta margo lanak bitarteko direla ikustera gonbidatzen gaituen ezagutza estetikoaren bidea da.
(Fernado Golvanok idatzia, erakustaren aldizkarirako)
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04