Spottorno eta Abrilen 'La falla' komikia
La falla
Carlos Spottorno eta Guillermo Abril
Astiberri, 2022
Carlos Spottorno eta Guillermo Abrilek komiki eta fotonobela baten artean dagoen hibrido bat sortu dute. Eta muinean Italia eta Austria banatzen dituen mugara hurbiltzeko istorioa dakarkigute. Lehen Mundu Gerraren ondoren mugak jasan duen bilakaerari erreparatuz, bi galdera jaurtitzen dituzte zeinak irudi sekuentziaren motor gisa balio duten: Zerk batzen gaitu? Zerk banatzen gaitu?
Gizakien artean dauden muga bakarrak historian zehar guk geuk eraikitakoak direla gogorarazten digu La falla obra humanistak. Baita muga hauek soilik sufrimendua eta banaketa artifizialak eragiteko balio izan dutela ere.
Lan honen bereizgarri gisa aipa genezake argazkiak izan direla istorioaren motore nagusi, hain zuzen ere, kontakizuna hauen inguruan sortuz joan baita. Astiberrik ateratako edizioan hori nabarmendu nahi izan du irudiei behar duten tamaina eta garrantzia eskainiz.
Carlos Spottorno argazkilaria eta Guillermo Abril erreportariak lehendik ere badute elkarlanean egindako beste komiki bat, ‘La grieta’. Bertan Europar Batasunaren mugan bildutako ehundaka irudi zein testigantza narrazio grafikoa bihurtu zituzten 2016an.