TCJ Komiki aldizkaria

The Comics Journal 1977. urtean sortu zen aldizkari amerikarra da; komiki eta eleberri grafikoen kritika eta notiziak lantzen ditu batik bat. Editorial eta kritika zorrotzak, zehatzak eta esanguratsuak ematen diote balio handiena aldizkariari, komikigileei egiten dizkien elkarrizketa luze eta sakonekin batera. Tartean, honako hauek elkarrizketatu izan dituzte: Gil Kane, Steve Gerber, Robert Crumb edo Harlan Ellison.
2021 urtean 306. alea argitaratu dute. Hilabetekari gisa hasi zuen bere bidea TCJ aldizkariak. 300. alean, ordea, urtean behin irteten den urtekari izatera pasa zen; aldizkari luze, espezifiko eta landuago gisa. Beste hainbat sariren artean, 2018an komikiarekin erlazionatutako kazetaritzarik onenaren Eisner saria jaso zuen.
Gure katalogora iritsi berria da 301 zenbakidun alea, Juan Manuel Díaz de Guereñuren dohaintzari esker. 301 zenbakia 2011ko ekainean argitaratua izan zen eta aldizkariaren atal nagusia Robert Crumb-en ‘Génesis’ liburuari buruzkoa da: hainbat kritika eta analisi aurkitu ditzakegu bertan, kritikarien artean egindako mahai-inguru bat ere bai, eta gainera baita autoreari eginiko elkarrizketa sakona ere. ‘Notas al pie de Gaza’ liburuak ere badu bere tartea: Palestinako gatazkaren jatorriari buruz hausnartzen duen liburu honen kritika irakur dezakegu eta Joe Sacco autoreak Gary Groth editoreari eskainitako elkarrizketa interesgarria ere gure gozagarri dakartza ale honek. Marc Sobel-ek 2000. hamarkadako komiki liburu onenen zerrenden atzean aurkitu daitezkeen mugimendu edo joerak aztertzen ditu, Robert C. Harvey autore eta kritikoak Gus Arriolak egin eta inoiz argia ikusi ez zuten komiki tirei buruz hitz egiten digu eta Chris Lanierrek Brian Chippendale-ren ‘Maggots’ eleberri grafikoan egiten den denbora eta erritmoaren erabilera bikaina ere aztertzen dira ale honetan.