‘Tecnofeudalismo actual: vigilancia, dominación y ¿liberación?’
'Tecnofeudalismo actual vigilancia, dominación y ¿liberación'
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ‘Tecnofeudalismo actual: vigilancia, dominación y ¿liberación?’ hitzaldia antolatu du datorren asteartean, azaroak 18, 19:00etan Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuko Areto Nagusian. Hizlariak Javier Echeverría eta Vilma Coccoz izango dira.
Goizane Alvarez Kulturako foru-diputatuak adierazi duenez, “teknologiak bizitza sozialean, ekonomikoan eta pertsonalean zeregin nagusia duen une batean gaude. Horrelako hitzaldiek aukera ematen digute teknologiak planteatzen dituen aukerei eta arriskuei buruz kolektiboki hausnartzeko, eta, batez ere, herritarrek gaitasun kritikoari eta askatasunari eutsiko dien etorkizuna aldarrikatzeko. Funtsezkoa da pentsamendu eta eztabaida guneak sortzea, egunero erabiltzen ditugun tresnen atzean zer dagoen eta gure etorkizuna nola baldintzatzen duten ulertzeko”.
Azken urteotan, Yanis Varoufakis edo Evgeny Morozov bezalako pentsalariek balizko ‘teknofeudalismo’ global bati buruzko eztabaida berpiztu dute. Hau kapitalismo tradizionaletik harago doan eta plataforma digital handiak informazioaren eta ekonomiaren jauntxo berri gisa kokatzen dituen botere eredu bat da. Ikuspegi horretatik abiatuta, hizlariek Telépolis/Tecnópolis-en bilakaera aztertuko dute, Nazio Batuek sustatutako Informazioaren Gizarteari buruzko Munduko Goi-bileratik (2003-2005) gaur egungo egoerara arte, menderatze-modu berriek markatua.
Hizlariek aztertuko dute nola eragiten dion kolonizazio teknologikoak ez bakarrik ekonomiari eta politikari, baizik eta subjektibotasunari ere. Diagnostiko kritikoaz gain, Mendebaldean zein Txinan, teknobotere hegemonikoaren aurrean emantzipatzeko bide posibleak proposatuko dituzte. Hausnarketa bertaratzen diren pertsonei zabalduko zaie, eta gero eta gehiago nonahikoa den testuinguru digital batean herritarren autonomia berreskuratzea ahalbidetuko duten alternatibei buruz hausnartzera animatuko zaie ere.
Hizlariei buruz
Javier Echeverría (Iruña, 1948) Donostian bizi den filosofo eta soziologo espainiarra da, eta zientzia, teknologia eta gizartearen arteko harremanean egindako lanagatik da ezaguna. CSICeko ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea izan da. Bere ekarpenen artean, Hirugarren Ingurunea kontzeptua nabarmendu daiteke, izan ere, horrekin internetek eta telekomunikazioek eragindako eraldaketa soziala aurreratu zuen. Gainera, ‘Telepolis’ eta ‘La revolución tecnociencia’ lanen egilea da, besteak beste.
Bestalde, Vilma Coccoz psikoanalista argentinarra da, eta 80ko hamarkadatik bizi da Espainian. Lacaniako Psikoanalisi Eskolako eta Psikoanalisiaren Munduko Elkarteko kidea da. Klinika, irakaskuntza eta ikerketa lan asko egin ditu. Psikosi eta autismoan aditua, laguntza-dispositiboak zuzendu ditu eta erreferentziazko liburuak argitaratu ditu, hala nola ‘Lecturas sobre la psicosis’ eta ‘El autismo y la voz’.