Tezukaren 'I.L' komikia
Osamu Tezuka
Planeta, 2021
Bitxia da batzutan liburuen izenburuak nola sortzen diren. Tezukak berak emandako azalpena dakar epilogoan I.L manga komiki honek. Istorio hau Big Comic aldizkarian aleka argitaratzeko sortutakoa izan zen 1969 eta 1970 urteetan zehar. Aleka eta istorio autokonklusibo gisa prestatu zituen Oasmuk, eta egileak berak dio pentsatua zuen izenburua I’L zela, ‘I will…’ gisa, izan zitekeena…. zehaztu gabekoa, izatea nahi zuela. Baina aldizkarian argitaratzean, apostrofea jarri beharrean puntua erabili zuten eta honela bihurtu zen I.L komiki honen izenburu betiereko. Gainera, ezusteko honi eutsiz, Tezukak protagonistaren izena bera ere egoera honi esker eta ondorioz sortu zuen, izenaren irakurketa bera ezarriz, Aiel jarri zion fantasiazko emakume protagonistari.
Ezustekoak aparte utzita, Tezukaren komiki honek fantasia du oinarri. Bertan emakume baten hainbat bizitza ezagutzeko aukera ematen da, beti ere erabat identifikatzera iritsi gabe. Eta nola marraztu ohi dira emakumezkoak komikietan?? ba ez dakigu zergatik, baina askotan ez dira gizonezkoak bezain ondo marraztuak aurkitzen. Eta halaxe onartzen du Tezukak berak, esanaz, ezin dituela emakumezkoak behar bezain ongi marraztu, baina bere lotsak alde batera utzi eta argitaratzeko hautua egin zuela, zailtasun ororen gainetik.
Marrazkilari batzuentzat eskuak omen dira marrazteko zailenak, beste batzuentzat emakumezkoak, edo aurpegiak…. kontua da Tezukak bere bizitzan zehar denetarik marraztu zuela, eta gainera, ezinbesteko istorioak sortu zituela. Nabarmena izan da bere komikien eragina gurean ere, bai manga mundura hurbiltzeko erraztasuna eta bidea eman digulako eta baita gerturatze horretan manga ulertzen irakatsi digulako ere. Tartean bere lan ezagunenak izan diren hauek dauzkazue katalogoan eskuragarri.