Pablo Valbuena. The remains of time - Denboraren hondarrak

Pablo Valbuena. The remains of time - Denboraren hondarrak
2014.09.04 - 2014.10.25
Ordutegia
- Asteartetik ostiralera. 16:00 - 20:00
- Larunbatean: 11:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00
Bisita gidatuak: kmk@komazk.com edo 678 204 635 (erreserbak egiteko):
- 2014.09.18. Osteguna: 18:30
- 2014.10.09. Osteguna: 18:30 (erderaz).
- 2014.10.23. Osteguna: 18:30 (euskeraz).
"Space is the remains, or corpse, of time, it has dimensions." (“Espazioa denboraren hondarra da, bere gorpua, dimentsioak ditu.”)
R. Smithson, Incidents of mirror-travel in the Yucatan, 1969
Denboraren hondarren hondarra espazioa ote?
The Remains of Time (denboraren hondarrak) erakusketa pertzepzioaren eta ulermenaren hainbat mailatan murgiltzeko proposamena da. Lehen maila formarena da, eta zerikusia du argi proiektatuaren eta absente mantentzen den, baina tokikoa den itzal baten antzera sor dagoen, bestearen artean ikusten dugunarekin. Bigarren mailak denboratasunarekin du lotura, ikuslearen bisitak hartzen duen denboran zehar sortzen diren eraldaketekin, are erakusketa bisitatzen duen uneekin berekin. Hirugarrenak muntaketa kontzeptuarekin du zerikusia, behatzaileetako bakoitzak, errealitatea hautemateko duen modutik, egiten duen alboratzearekin, Donostiako hiritik Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa aretoan sartzen eta ikusizko proposamenak bere gorputzaz hautematen dituelarik pentsamenduei eragiten dieten artefaktuak balira bezala.
“The remains of time” esaldia ez da Eleako Zenonen paradoxa bat, baizik eta praktikatik, eginez pentsatzetik, ekintzatik askatzen ez den pertzepzio batetik eginiko gogoeta bat.Pablo Valbuenak (Madril, 1978) Land Art eta Minimal Art-ekin lotutako Robert Smithson artista iparramerikarraren aipu bat baliatzen du erakusketari izena emateko, aipua interpretatu eta, aipuaren beraren ifrentzutik, birformulatu egiten baitu: "Space is the remains, or corpse, of time, it has dimensions." (Espazioa denboraren hondarra da, bere gorpua, dimentsioak ditu).
Erakusketa honetan Pablok ikusizko ibilbide bat proposatzen digu, eta horretan solas konplexu batean barneratzen gaitu, alde batean baita espazialki hautematen duguna eta, bestean, irudi horiek eboluzionatzen duten denbora; eta, ibilbide horretan, gure begiak ikusten duen objektuan zentratu beharrean, egiten duen planteamenduan denborazkoak protagonismo zinematografikoa bereganatzen du. Heraklitok zioen moduan, dena sortzen da zerbait iraungitzen den neurrian eta arabera, “dena dabilen” (Panta rei) mundu eredu bat itxuratuz horrela. Erakusketan ikusten ditugun proiekzioetan, mundua ulertzeko dugun moduari buruzko gogoeta bat egitera gonbidatzen gaitu artistak; eta gogoeta hori argiaren pertzepzioaren bidez egin behar da, edo, hobeto esanda, argi absentziaren bidez, itzalaren bidez, Henri Bergsonek esango lukeen bezala kenketaren bidez.
Pablo Valbuena liluratuta dago Bergsonekin eta, horregatik, ikusizkotasunaren iruzurretik birtualtasun batera garamatza, horretan parean topatzen baitugu errealitatea mentalki egituratzeko dugun modua. Gure buruak, Bergsonek zioen moduan, istant hiletatik abiaturik berreraiki egiten du denbora, Bergsonek berak denboraren berreraikitze zinematografiko faltsu deitzen diona zertuz alegia. Henri Bergsonentzat (Paris, 1859-1941), gure adimenari ezinezkoa zaio denboraren jariakortasuna nabaritzea, horregatik adibide jartzen du Lumière anaien 1890eko urtearen amaiera aldeko asmakuntza zinematografiko berria.
Erakusketa honetan pentsamendu zinematografikoaren ideia da nagusi, zinematografikoa zinearen esparrutik at aterata baina; era berean, bisitaria erakusketa aretoan zehar dabilelarik sortzen da muntaketaren ideia. Pantaila zinematografikoko mugimenduak eten, abstraditu egiten du behatzailearen gorputzaren mugimendua, hau geldirik baitago bere butakan eserita; hemen proposatzen dizkiguten proiekzioetan, aldiz, muntaketaren ideia behatzailearen beraren gorputz pertzepziotik dator; aretoan, eraikinean, hirian zehar egiten duen mugimendutik beretik. Ez da beste espazio-denbora errealitate batera garamatzan marko bat, pantaila bat, baizik eta lekuko errealitatearen beraren erreferentzia egiten duen argi-proiekzio bat, muntaketa zinematografikoaren kontzeptua pantaila-markotik kanpoko berreraikuntzatik datorrela; eta espazio eta irudien aurrean paseoan goazen bitartean zertzen da berreraikitze hori.
Denbora kontzeptuari erreparaturik, erakusketan bi zati bereiz ditzakegu: horietako batek erakusketako espazioaren eskuineko aldea hartzen du, eta besteak ezkerrekoa.
Geletako batean bideo-estudioak daude, Site Studies alegia; horietan, artistak ikuspegi zinematografiko batetik egiten du lan, ikuspegi sekuentzial batetik, eta ikuspegi finko batetik erregistratzen du proiekzioko argiarekin eta proiektatzen den lekuko espazio fisikoarekin egindako esperimentazio sorta bat.
Bestetik, eta kontzeptu matematikoago batez, edo artistak berak dioskun moduan fisikoago batez, denborak sekuentziala izateari lagatzen dion serie bat aurkezten digu: “fisika kuantikoarekin zerikusi handiagoa duen denbora bat da, eta egitura bakoitzak beste asko izan ditzake baitan”.
Pieza nagusia, Q-Tiling, 400 baldosaz osatuta dago; horiek 25.600 milioi forma-posibilitate sortzera irits daitezke. Pablo Valbuenak proposatzen dizkigun "Tiling" baldosek desberdin funtzionatzen dute espazio-denborazko makroeskala batean edo mikroeskala batean.Sebastian Truchet-en (1657-1729) diagrametan oinarriturik, sortutako diagramak metamorfosi mugagabe bat bereganatuz doaz, simetrikoak lehen ikusi batean, baina egitura konplexuagoetaranzko eboluzioaz. Cyril Stanley Smith eta Pauline Boucher-ek artikulu batean dioskuten moduan (1), Truchet-en diagramek “izate existentzial suerte bat dute barnean, eta harreman ia transzendental bat inguruarekin. Espirituz hurbilago daude Descartesen filosofia korpuskularretik, horren ordez iritsi zen atomismotik baino, baina ikuspegi horien bien beharra erakusten dute, modu eder batez”. Stanley eta Boucher-ek proposatzen digute Truchet-en teseletan begiratzea eta mugen sorrera ulertzea, muga horiek formaren mugak eraikitzen baitituzte, egitura hori -antzekotasunez- haztea ekarriko duen barne egitura baten beharrik gabe ordea. Ez da, beraz, mimesia, baizik eta denboran garatuz doan simetria bat. Pablok aipatzen digun moduan, baldosetako formen interakzio etengabeek iradokitzen duten egitura-eskala ulertezina da aldi bereko irudi mugimendudunik gabe.
Erakusketa aretoko patioan, lurrean, 24 interakzioz osatutako aukera bat sortuko da; horiek aldatzen joango dira, erakusketak hartzen duen denboran zehar. Interakzio horietako bakoitzak espazio-denbora alderdi zehatz bat izango du, eta ikusleekiko solasa eragingo du erakusketaren epe desberdinetan.
Erakusketak, berez, ideia performatibo bat partekatzen du horrela eta, ideia horretan, artelanak bitartekari gisa dihardu, beste gogoeta bide batzuk abiarazten eta zabaltzen dituela.
Bisitariari proposatzen diogu aretoan zehar paseatzea eta, horretan, lagatzea bere burua espazio-denborazko zurrunbilo baten barnealdea bihur dadin, metamorfosi baten bidez, horixe gertatzen baita errealitatea ulertzeko dugun modua interakzioan sartzen denean geletako bakoitzean, eraikinean eta hirian egiten dugun pauso bakoitzean ageri diren ikusizko proposamenekin.
(1) Stanley Smith, Cyril eta Boucher, Pauline. 1987. The Tiling Patterns of Sebastien Truchet and the Topology of Structural Hierarchy. Leonardo Journal, 20. alea, 4. zenbakia.
Josu Rekalde
EHU. Arte eta Teknologia Saila
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17