The umbrella academy komikia eta seriea
The umbrella academy
Gerard Way; Gabriel Bá ; Nick Filardi
Komikiak Norma argitaletxean, 2019; seriea Netflixen
Arrautza ala oiloa, zer izan zen lehenago? Bistan denez, Darwinek erakutsi bezala, arrautza.
Hemen ere, noski, komikia seriea baino lehenagokoa da. Beraz, ohiko eztabaida: liburua edo pelikula baino hobeagoa da, bai ala ez. Oraingo honetan, berriz, galdera bestelakoa da: Zer egin duzu lehenago? Seriea ikusi ala komikia irakurri?
Komikiaren jatorria orain dela 12 urtekoa da. Alta, horrek ez du esan nahi komiki saga bukaezina denik. Alderantziz. 3 istorio luze eta beste pare bat motz baino ez. Azken istorio luzea, gainera, seriea grabatu bitartean kaleratua izan da. Laugarren atala bidean da, hala espero dugu behintzat.
Komikia arrakasta handikoa izan zen 2008. urtean. Amaieradun serierik onenari zegokion Eisnerra jaso zuen. Hala, erritmoa nola marrazketaren modernotasuna dira Way eta Bá autoreen lorpen handiena. Bai eta pertsonaiek sortzen duten atxikimendua ere.
Way gidoilariak protagonisten bizitza ezagutuko bagenu bezala jokatzen du. Hutsune edo galdera asko sortzen du horrek gugan; eta hori oso erakargarria da, irudimena bizkortzen duelako. Umore gordina ere ez da falta, batez ere lehen bi ataletan.
Marrazkilariaren imajinazioa agortezina da, batez ere akademia kideen etsaiak sortzeko. Haurtzaroan, nerabe aroan ala heldutasunean, pertsonaia nagusiak berdin maite ditugu.
Gainera, Bat, Bi, Hiru, Lau, Bost, Sei eta Zazpi zenbakidun haur-heldu hauen super-botere askok beste superheroi ugariren akordua dakarkigu. Kritiko batek baino gehiagok Doom Patrol ala X-Men taldeen bertsiotzat jo dituzte gainera, guri horrelako genealogia gehiegizkoa iruditzen zaigu.
Aurre iritzirik gabe, irakurtzeko eta zalantzarik gabe, ondo pasatzeko tebeoak dira.