Titoren 'Soledad' komikia
Soledad
Tito
Cascaborra Ediciones, 2022
Espainia hustua, horrela deitzen zaie populazioaren dentsitatea galtzen joan diren herriei, mamu herri bilakatu arte. Kontzeptu hau ezaguna zaigu gaur egun, baina ez zen batere ezaguna Tito-k istorio hauek Comix Internationalen argitaratu zituenean. Orain, Cascaborra argitaletxeak istorioak bildu ditu edizio oso hau osatuz.
Komiki honetan Tito-k Toledoko herrixka bateko biztanleen gertakariak kontatzen dizkigu, oso modu poetikoan Soledad izendatu duen herria. Bizitzan zehar jada nolabaiteko ibilbidea izan duten pertsonaietan zentratzen da batez ere autorea, bizipenak beti uzten baitute aztarna eta zauria. Beraz, adineko pertsonengan jartzen du arreta, iragana eta oraina duten pertsonengan, iristen ez den etorkizun baten zain daudenengan.
Aspektu teknikoan gehiago sakonduz, Tito-k sentimenduak trazuen bidez trasmititzeko duen gaitasun magistrala azpimarratu behar dugu. Pertsonaia gehienek dituzten aurpegi zimurtuak bizitza bizi edo isildu eta sakrifikatu duten guztiaren isla baitira. Errespetu eta sentsibilitate handiz landu du trama guztia eta emozioak transmititzeko gaitasun berezia antzematen da komikian zehar.
Espazioek pertsonaiek adina presentzia dute, azkenean istorioaren motorra baitira eta hau nabarmena da autorearen xehetasun mailan.
Titok, komikiaren marrazkilari zein gidoigileak, ume zela Frantziara emigratu bazuen ere, jaio zen herrialdearen inguruan jakin-mina sentitzen zuela oso nabarmena da. Horregatik eta une horretan ahotsa ez zutenei ahotsa ematearren sortu zen istorio hau, ahaztutako memoria baten testigantza bizia da gaur egun ere.