'Todo bajo el sol' Ana Penyasen komikia
Todo bajo el sol
Salamandra Graphics, 2020
Komikiaren egilea Ana Penyas valentziarra da (1987-). Arte Ederrak eta diseinu grafikoa egin zituen lehenik eta berehala hasi zen hainbat aipamen berezi zein sarietako gorazarreak jasotzen. Jaso duen sari sonatuena oraingoz, komikiaren sari nazionala izan da, ‘Estamos todas bien’ komikiari esker 2018. urtean.
Bere amonei eskaini zien komiki goxo hartatik, eta bere aldamenekoak, familia zein lagunak ardatz hartuta oraingoan ere, kolore biziagoz eta gai zabalago zein sakonagoak harilkatuz burutu du ‘Todo bajo el sol’ komikia.
Hitzaurrean zera dio: “A quienes tuvieron que abandonar su lugar y a quienes se quedaron como extraños en su propia tierra”.
Eta hainbat hedabidetan bikain laburtu duten bezala hitz gutxi hauekin dena esan liteke komiki honi buruz: turismo masifikatua, espekulazio urbanistikoa eta drama soziala.
Famili baten egunerokoa, urteak pasa ahala nola aldatzen/okertzen zaien bizitza. Aitonarengandik hasi eta biloba Berlinetik bizitza oso prekarioaren isla zorrotza jasanez. Urte guztietan familiaren bizitzarekin batera garaiko telebista edo dokumentalen kontakizuna ere egiten du Ana Penyasek, bineten atzean geratzen den fondoko kolorea aldatuz ematen dizkigu bi ikuspuntuak.
Eta liburuaren amaieran esaldi honek borobiltzen du komiki osoa “componiendo un paisaje colectivo de arqueología social”. Telebistako programak, pertsona helduen jarduera eta hitz solasak, kartelgintza, urbanismoa eta beste hamaika gai. Valentzian kokatzen den arren bai egilea eta baita marraztutako historiaren markoa, inguruko edozein kostako herri ere izan zitekeen.