TopASKEtak 2011: Lengoaiaren boterea eta boterearen lengoaia
ASKE kultur elkarteak hauxe proposatzen digu: geldialdi bat egin, eta lengoaiaren gainean hausnarketa egitea. Lengoaia da giza espeziea identifikatzen duen gaitasuna; lanabesik ahaltsuena da, eraikitzeko nahiz suntsitzeko erabil daitekeena, inor menderatzeko nahiz askatzeko.
Edozein gizabanakok, kastak, erakundek zein talde menderatzailek, bere diskurtsoa eta bere kontaketa lantzen ditu; lexiko berriak ezartzen ditu, batere inozoak ez diren esanahiak emanez: hortxe dago, esate baterako, hain erabilia den “alboko kalteak”, operazio militarren biktima zibilei izenik ez jartzearren, eta botereak daukan pribilegioaren erakusgarri, hitzek esan nahi dutena definitzeko orduan.
Hori da, gaingiroki, TopASKEtak jardunaldiek oraingo honetan proposatzen duten eztabaida eta hausnarketa gaia, parte-hartzaile hauen eskutik: Alfonso Sastre eta Belén Gopegui idazleak, Maddalen Iriarte eta Antonio Álvarez Solís kazetariak, Iñaki Goioaga abokatua, eta Vicente Romano komunikologoa.
Hiru saio izango dira, eta haietako bakoitzaren bukaeran, kultur elkartearen antzerki tradizioari jarraituz, hainbat antzezpen egingo dituzte Ramon Agirre antzezleak, Joxemari Carrere ipuin-kontalariak eta Andoni Egaña bertsolariak.