'Trabajando en la comunidad y para la comunidad' hitzaldia Ricardo Anton eta Haizea Barcenillaren eskutik
Gaur, arratsaldeko 7:30tan, erakustaretoan, ‘Biblioteka eta jakintza. Artxiboak, mutazioak, konfigurazioak' izeneko erakusketaren barruan, KOLDO MITXELENA Kulturuneak antolatutako ‘Nondik norako kultura. Kulturarekin harremanetan jartzeko modu berriak’ hitzaldi sortaren bigarren hitzaldia ospatuko da. Ricardo Anton ColaBoraBoratik eta Haizea Barcenilla koordinatzailea izango dira “Trabajando en la comunidad y para la comunidad” hitzaldiaren hizlariak.
Azken urteetako mezu zabaldua da teknologia berriek gure bizitzeko eta elkarrekin komunikatzeko modua eraldatu egin dutela. Egia da orain konektatuak bizi garela, interneten bilatzen ditugula galdera guztien erantzunak, eta ondoko pertsonarekin ez dugula hitz egiten milaka kilometrora dagoen lagunarekin whatsappean gabiltzalako. Komunikazioa ez ezik, gure bizitzeko 2.0 moduak beste ideia batzuk ere eraldatu ditu: partekatzearena, parte-hartzearena, komunitatearena.
ColaBoraBora gizarte ekimenerako kooperatiba bat da. Gizarte ekimen horiek proguztion bezala euskaratu duten gaztelerako procomún ideiatik abiatzen dira: elkarlanean eta gizarte hobekuntzarako egindako proiektuen bultzatzaile da. Horren adibide bat crowdfundingerako Goteo plataforma da, kodigo irekiko proiektu asko martxan jartzeko gai izan dena. ColaBoraBoraren printzipioak, lan egiteko moduak eta Goteoren hainbat proposamen aurkeztuko dizkigu Ricardo Antónek.