TRANSGENERIKOAK, Gizarte, sexualitate eta generoei buruzko irudikapen eta esperientziak espainiar arte garaikidean

1998/12/3 - 1999/2/6
Komisarioa: Juan Vicente Aliaga, Mar Villaesp
Artistak: Ballester, Juan Pablo - Benlloch, Miquel - Canal, Nuria - Helena Cabello Y Ana Carcelller - Congost, . Carles - Cotanda, Ricardo - Fontalba, Txaro - Francés, Alex - León, Nuria – Lsd - Martínez Oliva, JesúsMatesanz, Chelo - Morey, Joan - Navarrete, Carmen - Núñez, Marina - Sadaba, Estíbaliz - Sourrouilles, Edouard - Valldosera, Eulalia - Vieites, Azucena
Testuak: Juan Vicente Aliaga, Mar Villaespesa, Lawrence Rinder, Nayland Blake
Muntaia: Croquis
Prentsa oharra:
TRANSGENERIC@S. Gizarte, sexualitate eta generoei buruzko irudikapen eta esperientziak espainar arte garaikidean.Gehiegizko ausardian erortzeko beldurrik gabe esan daiteke, espainiar gizartea erregimen demokratikoaren finkatze prozesuaren testigu izan dela azken hamarkada honetan zehar. Eta gizarte honetan ere, elkarrizketaren bidez –nahiz eta batzuetan elkarrizketa horiek latzak, zurrunak edota zaluak izan– arautzen den beste edozein gizartean bezala, hau da, edozein gizarte demokratikoan bezala, mahai gainean daude une oro hiritarren berdintasunari buruzko galderak eta itunak. Eta hizpide diren gai horien artean, inolako zalantzarik gabe, emakumearen eskubideak agertzen dira azal-azalean. Ohiz gizartearen arlo eta eremu guztietan bigarren mailara baztertu izan diren emakumearen eskubide horiek gaur egun funtsezko lekua hartu dute, premiazkoak direlako gizonarekiko berdintasuna lortzeko. Ozta-ozta bada ere, ondoz ondo etorri dira aurrerapenak, eta emakumeak oraindik orain lanean eta beste arlo batzuetan diskriminazioa jasan behar badu ere, gizon-emakume arteko berdintasun hori egia bihurtuz dator atsedenik hartu gabe, legegintzaren arloan behinik behin. Alabaina, dena ez da lege eta arau idatzi. Beste arlo batzuetan, batez ere emakume eta gizonei buruzko orden sinbolikoa egituratzen eta baldintzatzen duten arloetan, kolektibitatearen irudimena bilbatzen eta elikatzen dutenetan, alegia, Espainiako gizartea eta oro har mendebaldeko gizartea aitzakiarik gabeko aurriritziz, esterotipo mingarriz eta desberdintasun sakonez beterik agertzen dira.
Espainian, hitza –eta Estatu Batuetan hitz jarioa eta maiseoa ere bai– goitik baloratzeko ohitura duten beste leku batzuetan gertatu ez den bezala, ez da eztabaida esanguratsurik sortu, gure gizarteak emakumeari eta gizonari buruz sortu duen irudikapenaren gainean. Hala ere, horrek ez du esan nahi era horretako gaiek ez dutenik eraginik izan gizartearen kontzientzian. Feminista hitzak, Espainian duen ospe txarrarekin, gaitzespena eta beldurra sorrarazten ditu gizon eta emakumeengan; feminismo hitza, beraz, feminismoak eta emakumearen emantzipazioak egin dituen ekarpen baliotsuek jasan duten desinformazio eta distortsioaren adibide bihurtu da. Hori garbi utzi ondoren, esan daiteke, generoari buruzko gatazketan zenbait unibertsitate anglosaxoien eta beste eztabaida forum batzuen sofistikazio eta zorroztasunetara iritsi gabe, ezin direla bazter utzi Espainiak, bai unibertsitate mailan bai beste maila batzuetan, gai honi buruz egin dituen ekarpenak.
Gizarte eta kulturaren eraginentzat espazio guztiz iragazkorra da artea, bertan irudiz gorpuzten direlako gaiak; hortaz, artean ia-ia trantsiziorik gabe sortu dira pentsamolde berriak. Eta pentsamolde berri horietan, erraz antzeman daitezke, alde batetik, generoari buruzko iritziak jasan dituen aldaketak, eta bestetik, sexualitateak –zentzu zabalean hartuz, alegia: heterosexualitatea, homosexualitatea, lesbianismoa, bisexualitatea– diskurtso berri horietan erdietsi duen nagusitasuna.
Harrigarria bada ere, gizartearen patxadarekin zerikusirik ez duen naturaltasunez beterik, artista batzuek ahaleginak eta bi egin dituzte gizon eta emakumeengan jaurti diren topikoak baztertzeko eta freskura, gozotasuna eta ironia ona ekartzeko. Batzuetan, erakusketa honetako obra hauek masa-kulturaren gaineko hausnarketaren emaitza dira, kultur mota hori baita gaur egun emakume edo gizon izateak esan nahi duenari edo adierazi nahi duenari buruzko zeinuak markatzen, nabarmentzen edo baztertzen dituena. Beste batzuetan, obrak teoria feminista, gay eta lesbikoen irakurketak artistaren diskurtso kritikoa –giza legeak zalantzan jartzerainokoa– egituratzerakoan izan duten eragina erakusten du. Badira beste obra batzuk, iseka, trufa eta urrutiratze lasaia artista zenbaiten behategi bihurtu direnak; behategi horietan kokatu diren artistek uste dute gizon eta emakumeen arteko bereizketa eta ondoriozko apartheida, gizon eta emakumeek jokatzen duten paperetan oinarritzen dena, gainditzear dagoela.Politikariek lege eztabaidetan –eta horien garrantzia inork ez du ukatzen– buru-belarri murgildurik jarraitzen duten bitartean, espainiar arte garaikidea amaigabeko baliabide eta planteamenduak jaulkitzen eta kaleratzen ari da. Arteak eta bizitzak –betiko eztabaida–osmosi saiheztezina osatzen dutela uste dugunon arreta guztia merezi badu ere espainiar arte garaikideak, Espainiako arte kritikak, hain patxadatsu eta hain hutsik dagoen kritikak, gaurdaino apenas egin dio kasu espainiar arte garaikide honi.Transgeneric@s edo generoz haraindikoak erakusketak, hogeitik gora espainiar gizon eta emakume artistek era guztietako baliabidez (azgazkiak, bideo, muntaiak, eta abar) egindako lanekin datorren erakusketa honek, maskulinitate eta feminitatearen arteko izate aldaketak arakatu nahi ditu, eta baita ontzi komunikatuak diren izate horietan artea, sexua, kultura eta gizartea nahasten direnean sortzen den problematika ere.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17