'Tupust! Zu' komikia eta aurkezpena
Tupust! Zu
Tupust! Elkartea, 2021
Komiki zein ilustrazio bilduma lan honetan 17 istorio bildu dituzte. Bertan parte hartzen dute 2016tik jira-biran dabilen Tupust kolektiboko partaideek. 2016an atera zuten lehen liburukian "ni" pertsonaren baitan bildu zituzten hainbat komiki zein istorio [estekatu orduko web berria]. Aurten atera da argitara bigarren alea. Oraingo honetan "zu" da istorio guztien protagonista eta halaxe ikus daiteke istorioen zenbait izenburutan ere: : ‘2020 zupa neza zu’, ‘Zu’, ‘Zuzu-ren muxu hotza’, ‘Zure azalean’ edo ‘Zu zara motorista’ lanetan esaterako.
Aurtengo honetan egile zein artista hauek hartu dute parte: Maite Caballero, Dom, Loinaz Lekuona, Irati FG eta Regina Salcedo, Ainara Azpiazu Aduriz 'Axpi', Yolanda Mosquera, Paula Estévez, Irati Eguren, Mikel Larraioz, Ane Zaldibar, Maitane Gartziandia eta Aintzane Usandizaga, Maite Gurrutxaga eta Irati Jimenez, Asteazkenak (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Susanna Martín, Irkus M Zeberio, Josune Urrutia, Raisa Álava.
Egileak eta gaia aipatu baditugu ere, ezin aipatu gabe utzi komikiaren teknika motak. Marrazkilari bakoitzak bere baitan sortu duen istorioa islatzeko erabili diren marrazkerak azaleratzen dira: akuarela, errotulagailuak, arkatzak, eskua zein ordenagailu bidezko marrazki edo koloreak, e.a.. Irudia hitzak harilkatzeko baliabidetzat hartu dute batzutan, edo hitzik erabili gabe beste komiki batzutan, istorio bakoitzaren "zu" horretan sakontzeko eta zu mota anitz erakusteko.
Batez ere emakumeek osatutako kolektiboa da Tupust!, euskaraz lan egiten dute eta ikuspuntu feminista oinarri hartuta garatzen ari dira ibilbide berri zein interesgarria euskal komikigintzan, bai komiki formatuari dagokionez, eta baita komikigintzan feminismoa lantzeko urratu duten bideari dagokionez ere.
Tupust! : Zu komikiaren aurkezpen ekitaldia Koldo Mitxelenaren Areto nagusian burutuko da Urriaren 25ean goizeko 11:30tan. Bertan taldeko 3 egilek zuzenean kontatuko dute euren lan prozesua eta Tupust berria azaleratzen ariko dira.