Udazkenean ere Koldo Mitxelena liburutegian euskarazko Irakurketa Errazeko taldeak egongo dira
Gaur Koldo Mitxelena liburutegian euskarazko Irakurketa Errazeko talde berri bat hasiko da. Sei astetan zehar, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara Bagera Elkarteko lagun talde bat elkartuko da liburu baten irakurketa konpartitu eta gozatzeko. Bigarren talde bat ere egongo da goizez eta urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dena. Donostiako euskaltegi bateko ikasleek osatuko dute. Parte hartzaileak euskara ikasten ari diren pertsonak edo euskaraz irakurtzea zaila egiten zaien euskaldunak dira.
Irakurketa Errazeko taldea euskaraz gozatu eta indartzeko tresna eta tokia da. Euskara inguru akademikotik ateratzeaz gain, euskaraz hitz-eginez harreman berriak sortaraztea eta euskal kultura ezagutu eta gozatzea du helburu. Saioetan zehar dinamika ezberdinak egiten dira: liburua ulertzeko eta mintzamena suspertzeko intentzioarekin.
Koldo Mitxelena Liburutegiak 2014ko urrian hasi zen zerbitzu hau eskaintzen. Orduz geroztik funtsean dituen Irakurketa Errazeko liburuak mailegatzen dira, gaztelerazko Irakurketa Errazeko taldeak jasotzen ditu eta 2015eko otsailetik euskarazko Irakurketa Errazeko taldeak sustatzen eta bultzatzen ditu. Lehenengo bi euskarazko taldeak Gaumin Argitaletxearen eskutik garatu ziren. 2016ko maiatzatik, Nerea Aizpurua Iraola eta Lina Ugarte Sauretek dinamitzatzen dituzte taldeak.