"Un avión sin ella" komikia
Misterioz beteriko historioan barnera zaitez
"Un avión sin ella" komikia
Oraingoan misteriozko komiki bat daukagu esku artean. Izenburu ezaguna du, Un avión sin ella, titulu bereko eleberri baten egokitzapena baita. 1980. urtean Jurako mendilerroan hegazkin istripu latza gertatzen da eta bidaiari guztiak hiltzen dira istripuak eragindako sutearen ondorioz, denak bat ezik. Hegazkinaren ondoan hiru hilabeteko haurtxo bat aurkitzen dute bizirik, baina hegazkin hartan adin bereko bi haurtxok bidaiatzen zuten, Lily-Rose eta Emile, bietako zein salbatu da? Istripu honen ondorioz, bi familien arteko borroka, detektibe baten 18 urtetako ikerketa, eta istripu eta gatazka horrek eragindako albo kalteak ikusi ahal izango ditugu.
Michel Bussiren eleberrian oinarritutako istorio erakargarria dugu, eta asko ibilitako Fred Duval idazlea izan da komiki bezala egokitu duena. Istorioa 1998. urtean garatzen da, haurtxo horrek 18 urte betetzen dituen egunean, baina 1980. hamarkadara etengabe salto egiten du kontakizun osoan zehar, traman sortzen diren galdera guztiei erantzuna eman ahal izateko, nor da nor? Zer daki pertsonaia bakoitzak? Eta garrantzitsuena, Lily-Rose edo Emile ote da? Ziurrenik hasieran pentsatzen duguna bukaeran ez da beteko.
Duvalek moldatzen duen bigarren komikia da. Lehehengoa, Nenufares negros, baita ere Michel Bussiren izen bereko eleberria izan zen. Gidoilari frantsesa 80. hamarkadatik dabil komikigintzan, hasieran fanzine eta aldizkari txikietan. Urte batzuk beranduago komikiak argitaratzen hasi eta gaur egun arte izenburu ezagun asko idatzi edo haietan parte hartu du: Carmen Mc Callum, El día D, Hauteville house, L’homme de l’année, Wonderball, Mosquetero, XIII mystery, Nevada, M.O.R.I.A.R.T.Y., beste askoren artean. (Fred Duvalen lanak)
Marrazkilaria Nicolai Pinheiro artista franko-brasildarra dugu. Psykonat aldizkarian erregularki parte hartu ohi du eta Lapa la nuit da bere lanik ezagunena. Aztertzen ari garen komiki honetan espresio handiko pertsonaiak eta xehetasunez betetako eszenatokiak nabarmentzen dira lan guztian errepikatzen diren antzeko tonu epelekin batera.
Genero honetako lanak atsegin badituzue, misterioz eta suspensez jositako komiki hau liburutegian izango duzue eskuragarri.