Uraren bidea bezala
Juan Díaz Canales
Como viaja el agua
Astiberri, 2016
Hasieran agure koadrila xarmagarri batekin topo egin dugula pentsatu genuen. Berehala, baina, benetako thriller baten erdian ginela konturatu ginen. Beldurgarria bilakatzen da komiki honek proposatzen digun bidaia. Zahartzarora garamatzan bidaia. Modu krudel batean zahartzaroan dagoen sekretuaz jabetuko gara. Bidaia hau uraren jarioa bezain ukaezina denez, zikloa bukatua dagoenean ispiluaren aurrean jartzeak ez digu onik egingo.
Egileari dagokionez, Juan Díaz Canales gidoilari lanetan ibili da komikiaren munduari lotuta egindako bere lan gehienetan, Blacksad seriean esaterako. Arte Ederretan lizentziatua da eta ikus-entzunezkoen munduan ere lan egiten du. Hau da bere lehen lan osoa, gidoia eta marrazkia berak egin baititu.