Urriko musika nobedadeak
Hona hemen irailean iritsi eta katalogatu diren CD berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan entzuteko.

“Bizirik ez bagaude“ Mugan taldearen lehen albumaren izena da. Zortzi abestiz osatuta, talde donostiarrak poparen eta rockaren nahasketa klasikotik haratago doan estiloa lortu du. Verde Pratoren lehen albumaren izenburua “Kondaira eder hura” da, eta zazpi abestiz osatuta dago. Verde Prato Ana Arsuagaren proiektua da. Ahotsa da elementu nagusia, eta herri kantuak, liturgikoak, folklorea eta euskal kostunbrismoa, elektronika eta minimalismoa batzen ditu. Mendaroko Maraca Diablo boskoteak hirugarren diskoa aurkeztu du, taldearen izenburu berberarekin. Soinu eta melodia berriekin, etxe ondoan bildutako istorioekin, batzuk zaharrak, beste batzuk egungoak. Rock ukitu bat, pop ukituak, zenbait soinu flamenko, baita folka ere. Dena taldeak bere bigarren albuma argitaratu du orain: “Zure mugadun hutsune”. Oraingoan, bere errealitateari abesten diote. Eguneroko borroka txikiei. Erabaki eta zalantzei. Harremanei. Galdera eta galerei. Hutsuneei. Eta baita asetzen dien guztiari ere. Beietz! taldeak, “Erraietatik” eta “Askatu Aingura” albumetan, rocka, punka edo reggae erritmoak dituzten doinu folk zelten fusioa eskaintzen du. Estilo hori, hain zuzen ere, “zeltik-parranda” izenarekin bataiatu dute. Folk-rock indartsua, bihurria, errebindikatzailea eta parrandazalea. Nafarroako Ardi Beltza taldearen “Cinco balas” bigarren albuma, botere eta teknikaren erakusgarri sendo bat da. Hamaika abestitan, hainbat estilotan barrena ibiltzen da, hala nola Groove, thrash eta post ukituak ditu ere, eta soilik rap metalak duen argitasun azido hori.