Urriko nobela nobedadeak
Hemen dituzu azken hilabete honetan liburutegira iritsi diren nobela berrien bilketa, eskuragai maileguan eraman ahal izateko.
Nerea Ibarzabalek “Bar Gloria” bere lehen eleberria argitaratu du, non familia baten taberna jarri duen agertoki nagusi, eta, hiru protagonisten bizipenen bidez, lana, heldutasuna, desioa eta komunikazioa izan ditu ardatz. Aingeru Epaltzak “Erretzaile damutuen konpainia” izeneko nobela bat eraiki du, osagai ugarirekin eta hainbat kolorez zipriztindua: deskalabru batetik bestera doan pertsonaia bati buruzko komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratu zehatz eta ñabartua, eta, batez ere, hainbat heriotza ekarriko dituen gertaeren kate baten ikerketa. “Soniexka” Pasazaite argitaletxearen azken argitalpena da, Ludmila Ulitskaiak idatzia eta Josu Zabaletak itzulia. Pasazaitek hamar urte daramatza atzerriko literatura garaikidearen euskarazko itzulpenak argitaratzen. Maria Barbalen “En el lago” obra berria nostalgiari, edertasunari, denboraren igarotzeari eta zoriontasunaren esanahiari buruzko intentsitate emozional handiko eleberri bat da. Anita Espel donostiarra “De amores” maitasunezko nobela batekin agertu da berriro. Sentimendu, umore eta positibismoz beteriko orrialdeak dira, maitasun partekatuen poza, amodio faltsuen edo hautsien mina, porrot egiteko beldurra edo maitemintzeko gogoa sentiarazten dutenak. Claudio Favaren “Los silenciados” eleberria Raúl Barandiaránen testigantzan oinarritzen da. Barandiarán -euskal jatorrikoa- Argentinako gerra zikinean bizirik iraun zuen La Platako errugbi taldeko kide bakarra da. Mercedes Guerreroren “El baile de las marionetas” adiskidetasunaren, biziraupenaren, pertsonaia maitagarrien, leialtasun urraezinen, ezinezko maitasunen eta traizio iraingarrien istorio bat da. Carlos Bassas del Reyren “Sinántropos” porrot baten istorio bat da. Itzulera batena. Mendeku batena. Baina, batez ere, kale zikinen eta ilusio ezinezkoen artean ehundutako adiskidetasun apurtu baten istorio bat da.