Urtarrileko nobela nobedadeak

Hemen dituzu azken hilabete honetan liburutegira iritsi diren nobela berrien bilketa, eskuragai maileguan eraman ahal izateko. Ramon Saizarbitoriak "Miren eta erromantizismoa" argitaratu berri du, eta haren gaztelaniazko itzulpena aldi berean agertu da, "Miren y el romanticismo» izenburupean. Jon Arretxek Touré detektibeari buruzko zazpigarren liburua argitaratu du: "Mesfidatu hitzez". Karlos Linazasorok "Hik ez dakik zer den beldurra" izenburuko kontakizun batzuk argitaratu ditu: hemezortzi istorio labur eta gordin, zeinetan laburtasuna eta zehaztasun errealistak diren ezaugarri nabarmenenak. Alberto Figueroaren "Okuri confidencial" liburuak genero ugari hartzen ditu, genero beltzaren kutsua duten narrazioetatik hasi eta umorea nagusi den ipuinetaraino. Rafa Egigurenen "Txipiroiak bere beltzean" liburuak biltzen dituen hamahiru istoriotan umorea da nagusi, eta, nahiz eta protagonistak eta istorioetako gaiak askotarikoak izan, lotura bera dute: ekialdeko kultura. Lorenzo Silvaren "Donde uno cae" liburuak 525 kontakizun biltzen ditu, bizi garen munduaren kronika pertsonal eta berezi bat eraikitzen dutenak. Sergi Puertasen "Estabulario" lanak sei ipuin oso boteretsu jasotzen ditu, fikzio apokaliptikoaren ikuspegitik begiratuta. Xabier Etxeberriaren "Txoria nintzela" liburuak Euskadiko hiri txiki batean, 1980ko hamarkadan, gertaturiko zazpi istorio jasotzen ditu.