Valero-O'Connellen 'No te vayas sin mí' komikia
Sarritan ibilbide luzea duten egileak aipatzeko ohitura izaten dugu, haien urteetako esperientzia luzea dela eta, baina oraingoan komikigile gazte baten lanari erreparatuko diogu, Rosemary Valero-O’Connell marrazkilaria eta bere “No te vayas sin mí” komikiari hain zuzen ere. Izan ere, estatubatuar honek, 26 urterekin jada hainbat izendapen eta sari jaso ditu, haien artean, aipatutako komikiaren “Lo que queda” istorioarekin, 2017ko Eisner sarietarako izendatuta izan zena, eta aurtengo artista hoberenaren Ignatz saria lortu duena “no te vayas sin mí” konpilazioari esker.
Gaztelaniaz Astiberrik argitaratu berri duen lan honetan, Valero-O’Connell-en hiru istorio jasotzen dira (No te vayas sin mí, Lo que queda eta Con temor, con ternura), bertan bidaia emozional bat proposatzen da. Fantasiazko generoaz baliatuz, hain erreala den desamodioari buruz hitz egiten digu, kasu honetan bi emakumeren arteko harremanetan oinarrituta.
Istorio bakoitza independentea da besteekiko, baina guztiek fantasiazko mundu paraleloak partekatu eta gai beraren ezaugarri desberdinak lantzen dituztenez, irakurleak jarraipen bat topatuko du narrazioan. Horrela, marrazkilariak maitasunari buruz eta bikoteetan sortzen den armoniari buruz hitz egiten digu, baina baita harreman hori hausten denean, hainbat emozio eta sentsazioen eraldaketa prozesuari buruz ere: maitasuna, idealizazioa, oroitzapenak, bikote ohiaren pertzepzioaren aldaketa…. Gidoia, marrazki zainduekin eta kolore suabeak erabiliz osatzen du Varo-O’Connell-ek, narrazioaren leuntasuna ere atal grafikora eramanez. Kolore arrosak, moreak eta laranjak dira nagusi komikian.
Rosemary Valero-O’Connell, “Laura Dean me ha vuelto a dejar” komikiaren marrazkilaria ere izan zelako da ezaguna, Mariko Tamakirekin batera egindako komiki hau ere saritua izan zen. Minnessotan jaioa izan arren, Zaragozan hazi zen, baina berriz ere Estatu Batuetara jo zuen arte eta diseinuko ikasketak burutzera. Espainiar estatuan “Thermozero” fanzinean hasi zen, baina mundu mailan gazteentzako lanetan kolaborazioak eginez bihurtu da ezagunagoa, baita Out of Step Arts (OOSA) marrazkilari taldeko partaide delako ere.