Vicente Aranda (1926-2015)
Vicente Aranda Bartzelonan jaio zen, 1926. urtean, Aragoitik hiri horretara etorkizun hobeago baten bila joandako familia batean.
Vicentek Espainiatik kanpo atera zuen bizimodua, 20 urterekin Venezuelara joan eta urte batzuk beranduago itzuli baitzen.Zinema Eskolan sartzen saiatu zen, baina Batxilergoko ikasketak bukatu gabe zituenez gero, ez zuten onartu.Baina arrazoi hori ez zen oztopo izan zuzendari izateko zuen gogoaren aurrean.60ko hamarkadan Bartzelonako Eskola bezala ezagutu zenari lotuta agertu zen -nahiz eta horrek ez zion grazia handiegirik egiten-.Garai horretakoak dira bere bi lehenengo filmak, hauexek: Brillante porvenir eta Fata Morgana.
60 eta 70eko hamarkadetan egin zituen filmetatik aipagarrienak dira Las crueles, La novia ensangrentada, Clara es el precio eta Cambio de sexo izenekoak.
80 eta 90eko hamarkadetan, berriz, literatur obrak egokitu zituen pantaila handira, arrakasta handiz, honako hauek adibidez: La muchacha de las bragas de oro, Si te dicen que caí, El amante bilingüe (Juan Marsé), Tiempo de silencio (Martin Santos), Asesinato en el Comité Central (Vazquez Montalbán), El Lute, camina o revienta, Los jinetes del alba (Jesús Fernández Santos) eta La pasión turca (Antonio Gala).80ko hamarkadakoa da Fanny Pelopaja filma ere.
Bere gailurreko obra -hala diote- Amantes filma da, amodiozko triangelu batean oinarrituta, Victoria Abril, Maribel Verdú eta Jorge Sanz aktoreekin. Film horrekin Vicente Arandak zuzendari onenaren eta film onenaren Goya sariak irabazi zituen.
Gero etorri ziren Libertarias, gerra zibilean ibilitako emakume anarkista talde bati buruzkoa; Juana la Loca, Pilar López de Ayala aktore gisa aurkituz; Carmen, Paz Vegarekin; Tirante el Blanco, Canciones de amor en Lolita’s Club eta Luna caliente, azkeneko filma.
Vicente Arandaren zinema ekarriko dugu gogora abuztuaren 24tik 29ra bitarteko astean.