Virna Lisi (1936-2014)
Joan den abenduaren 18an hil zen Virna Lisi Italiako aktore hori, oso ospetsua izandakoa, batik bat, 60ko hamarkadan. Zinema italiarrean hasi ondoren, berehala hasi zen nabarmentzen eta Joseph Losey edo Pietro Germi bezalako zuzendariekin hasi zen lanean (adibidez Eva eta Signore e signori filmetan).Haren irudi fisikoa eta komediarako nahiz zinema dramatikorako zuen moldaerraztasuna ez ziren oharkabean pasa Hollywoodeko ekoizleentzat, hildako Marilyn Monroeren ordezkoaren bila baitzebiltzan.Hori horrela, 60ko hamarkadaren erdialdera bi komedia entretenigarritan parte hartu zuen Jack Lemmonekin batera (How to Murder your Wife filmean)eta Tony Curtis eta George C. Scottekin, Not with My Wife, You Don't! filmean,eta Frank Sinatraren ondoan aritu zen Assault on a Queen izeneko filmean.
Gero, Europara bueltatu zen eta, besteak beste, honako film interesgarri hauetan parte hartu zuen: La vingt-cinquième heure eta The Secret of Santa Vittoria (bietan Anthony Quinnekin batera), Le Serpent (Yul Brynner eta Henry Fondarekin), Bluebeard (Richard Burtonekin), Zanna Bianca edo Al di la del bene e del male.
Azken garaiko beste bi film hauek ere aipagarriak dira: La cicala, Alberto Lattuadak zuzendutakoa -David de Donatello Saria irabazi zuen egindako paperarengatik- eta La reine Margot, azkeneko horretan Catalina de Médiciren papera antzeztu ondoren Frantziako zinema arteetako César Saria irabazi zuen.
Martxoaren 2tik 7ra bitartean ekarriko dugu gogora Italiako aktore horren lana.