Wolverine liburutegian
Aurtengo Donostia Zinemaldia 61. edizioak Hugh Jackman aktorea omenduko du. Gure artean oso ezaguna egin zen 2000 urtean, X-Men komikietan oinarritutako filmean Wolverine rola antzeztu zuenean.
Arrakasta zela eta, filmak ondorengoak izan zituen, eta horietan guztietan Wolverine berriz ikusteko aukera izan genuen, batzuetan rol nagusian ere, hala filmetan nola bideo jokoetan.
Hori dela eta, omenalditxo horrekin Liburutegian ere bat egin nahi izan dugu. Horretarako, Wolverine komiki pertsonaiaren eskutik heldu eta haren inguruko mapa geografiko bat egin dugu, bere sorrera, garapena eta ibilbidea erakusten, Luis Gasca Funtsako komikien bidez.
KANADA
Laku Handien beste aldean jaio zen Wolverine. Eta han gertatu zen haren lehen abentura, Hulk eta Wendigo tartean zeudela (Incredible Hulk #180. 1974). Hiru indar menderaezin batera, beraz. Wendigorekin, gainera, Kanadako lotura estuago bilakatzen zen, jatorrizko iparamerrikarren kondaira eta folklorearekin bat egiten baitu horrek.
Wolverinebaino lehen, Logan zen goitizena. Kanadako geografria gainbegiratu beharko, zergatia ulertzeko.
Wolverineezizenak ere Kanadako izadia ekartzen digu gogora. Bide batez, ohiko galdera plazaratzen du horrek: Wolverineri nola deitu, hain zuzen ere. Gazteleraren eraginez, Otsokume izen ederra da; baina izenaren jatorriari erreparatuta, Jatun beharko luke mustelidoaren erreplika mutanteak!
JAPONIA
Sortaldearen herrialdea eta Logan betirako daude uztartuta. Claremont eta Millerren eskutik, Japonian bizi zuen amodiozko istorio ahaztezina. Tipo gogor, zantar, bortitz eta bakarti hark beti izan zuen neskenganako tiradizo handia. Horra hor Jean Greyrekin harreman ezinezkoa (eskerrak unibertso paraleloei!).
Mariko Yashidaren ezkontza gorapilatsuak agerian utzi zuen Wolverineren Samurai izaera. Samurai baino, Ronin izaera. Eta aurrerago, benetako Sensei-rena.
Amodioa ez ezik, Yuriko Oyama beldurgarriarekin egin zuen topo. Bai eta Loganen beldur nagusienetakoa: animalia bihurtzerainoko eromena.
MADRIPOOR
Asiako txoko honetan Wolverine inoizko mozorrorik onena aurkitu zuen: begian adabakia eta Patch goitizena (Clark Kent estralurtarrak BI betaurreko behar ditu!). Nobela beltz kutsuko istorioak Buscema, Byrne, Colan, Silvestriren arkatzetan. Luxuzko osagarria izatetik Bilduma propiora pasa zen Wolverine. Areagotu baino egin ez den ugaritasunari hasiera emanez. Madripooren etaparen bukaera, edo Wolverine kideak lagundu nahian etsaien esku geratzea, pertsonaiaren beste une epikoa dugu.
Australiatik gertu omen Madripoor. Australian izan zen hura. Beraz, Australiar batentzako Logan ez da arrotz.
ETXEA
Agian Zilarrezko Azeriarekin etxe bat izan zuen Loganek. Agian. Etxearen suntsiketa bera bezain pizti, bera bezain gogor, bera bezain ero den etsaia ekarri zuen. Eta horrekin iragana. Wolverineren izaeraren eta haren ahalmenen iturriak gero eta interes eta garrantzi handiagoa hartzen du. Nahiz eta Wolverine : origins pelikularik onena ez izan, bere bizitzaren drama ezagututa, bere bakardadeko joera ulerkorragoa egin zen.
Sufrikario horrek guztiak Wolverine Arma-X (Weapon-X) gisa ezaugarritzen du. Adamantiumaren misterioa argituta, Wolverine adamantiumik gabe ikasi beharko du borrokan eta bizitzen. Metala menderatzen duen etsai bat parean izateak ez dirudi oso xamurra metalezko hezurdura duen batentzat. Halere, X-Menen alboan Alpha Flighten aurkitu ez zuen etxea du Loganek.
EZ DIREN TOKITAN
Wolverinereniraganari buruzko jakin mina baino handiagoa? Haren etorkizunari buruzkoa. Apokalipsiaren Aroan errealitate honetan ezin garatu hainbat aldarte ikusi genituen. Eta txalotu.
Era berean, Etorkizunaren eta Iraganaren egunetan komikianWolverineren heriotza ikusi genuen. X-Menen hurrengo pelikulan akaso?
Borroka bat desorekatzeko grina du Wolverinek. Hori hala izango da beti.
Bere lagunak defendatzea eta babestea du lehentasun. Hori hala izango da beti.
Bere lanean onena da, nahiz eta bere lana xamurra ez izan beti.
Atzaparrak luzatzeaz gain, bide berri bat jorratzen du egun Wolverine beldurgarria. Mutante berrien irakasle eta zurtoina dugu.
Kanadan sufritutakoa, Japonian pairatutakoa, Madrilpooren bizi izandakoa, Etxean jazotakoa, Ez diren tokitan gertatu daitezkeen gauzak ekiditea… haren beldurrak beste inork ez izatea eta ezberdintasuna modu normalizatu bat bizitzea helburu?