Eduki publikatzailea

Xabier Lete

Ez Dok Amairu taldeko kide den poeta eta kantugilearen funtsa. Bere liburutegi pertsonala eta 900 lan baino gehiagoz osatutako dokumentu-fondoa biltzen ditu (diskoak, partiturak, liburuxkak, kartelak eta eskuizkribuak).

Xabier Lete Funtseko dokumentu guztiak ikusi

Ogi-apurra

Fitxa teknikoa

  • Signatura: X.L.
  • Muturreko datak: 1864 - 2016
  • Deskribapen fisikoa: Monografiak, aldizkariak, ikus-entzunezko edukia eta eduki grafikoa, eskuizkribuak eta korrespondentzia, besteak beste.
  • Aipamena: Xabier Lete Funtsa. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako. Foru Aldundia.
  • Sarbide baldintzak: Eskaera aldez aurretik egin behar da, KMK Liburutegiko Erreserba Gelan (kmliburutegia@gipuzkoa.eus) edo online.  Baliteke dokumentu batzuk eskuragarri ez egotea, datu pertsonalak dituztelako.
  • rreprodukzio baldintzak: Erreprodukzio eskaerak kmliburutegia@gipuzkoa.eus helbidera zuzendu beharko dira, edo online bidez egin. Eskatzaileak izango du kopiak erabiltzeko ardura, indarrean dagoen legeriaren arabera.

​​​​​

Xabier Lete, poeta eta kantautorea, Oiartzunen jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean, eta Donostian hil zen, 2010eko abenduaren 4an.


Ibilbide profesionala Pasaiako Bianchi fabrikan hasi bazuen ere, gaztetatik Zeruko Argia aldizkarian parte hartu zuen. Laster bideratu zituen bere urratsak bizitza artistikora. Haren ibilbide poetikoa 1968an hasi zen, Egunetik egunera orduen gurpilean lehen poesia liburua argitaratzearekin batera. Lehen lan horrek salaketa izan zuen ardatz, eta 1974an Bigarren poema liburua izeneko bigarren poemario bati bide eman zion, frantses existentzialismoak eragindako lan intimista bati, alegia. Joera hori are nabarmenagoa izan zen geroagoko obretan. Besteak beste, Urrats desbideratuak (1981), Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), Biziaren ikurrak (1992) eta Egunsentiaren esku izoztuak (2008) nabarmentzen dira. Azken horrekin, Euskarazko Poesiaren Kritikaren Saria (2008) eta Euskarazko literaturaren modalitateko Euskadi Literatura Saria lortu zituen. Letek bi antzerki ere idatzi eta argitaratu zituen: Deusetik izatera (1977) eta Gabon Txirrita eta Xabier Lizardi euskal idazleari buruzko bi saiakera: Xabier Lizardi: olerkari eta prosista (1974) eta Xabier Lizardiren olerkiak (1983).


Jarduera literarioa eta musikala uztartu zituen. Ez Dok Amairu euskal abesti berriaren taldeko sortzaileetako bat izan zen, 1966an sortua. Talde horretako kide izango ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Anton Artze, José Ángel Irigaray eta Lourdes Iriondo bikotekidea. Talde horrekin, Leteren liburuetako poema batzuk abesti bihurtu ziren. Sinesten dut, Izarren hautsa egun batean, Xalbadorren heriotzean, Habanera eta Ez nau izutzen negu hurbilak.


Taldea 1972an desegin zen, baina kide batzuek musikari lotuta jarraitu zuten. Horien artean, Lete bera, orduz geroztik hainbat artistarekin lankidetzan aritu zena, antzerkiari denbora emateaz gain. Antton Valverde pianista eta konpositorearekin batera, bertso zaharrak zituen disko bat prestatu zuen. Bertsolaritzarekiko interes horren ondorioz, Elkar disko-etxearekin bertsolaritzaren historiaren errepaso berezia argitaratu zuen 2002an.


Bere musika jardueraren ondare dira argitaratu zituen diskoak. Lehenengoa, lau abesti propio dituena, 1968an argitaratu zen. 1969an single berri bat grabatu zuen Lourdes Iriondorekin batera, eta 1974an lehen LPa argitaratu zuen Arrezi diskografikoan. Bi urte geroago, LP bat grabatu zuen: Kantatzera Noazu (1976); ondoren, Lore Bat, Zauri Bat (1978), Eskeintza (1991) eta, 1992an, Hurbil Iragana, bere abesti onenen bilduma.
1980ko hamarkadan Kulturako Foru Zuzendari eta departamentu horretako diputatu izan zen.

Ikusi gehiago...

Funtsaren aurkezpena

Xabier Leteren funtsa bere liburutegiak eta dokumentu funtsak osatzen dute. 3.000 liburu baino gehiago sartu dira liburutegiko bilduman, eta hainbat aldizkaritako aleek osatu dute funts hemerografikoa. Nabarmentzekoa da, halaber, biniloz zein CDz osatutako soinu-grabazioen bilduma zabala.


Dokumentu funtsari dagokionez, askotariko gaiei buruzko liburuxka ugariak nabarmentzen dira: errezitaldi eta antzezlanen esku programak, prentsa ebakinak, Leteren eta Lourdes Iriondoren idazkiak... Etxeko soinu grabazio batzuk ere badaude, partiturez, material grafikoaz eta eskuizkribuez gain (olerkiak, abestiak, ipuinak eta Leteren eta Iriondoren antzezlanak). Azkenik, aipatzekoa da artistaren eta garaiko pertsona ospetsuen arteko korrespondentzia.


Xabier Leteren garai baten eta bizitzaren eta interesen isla eta lekuko den funts bibliografiko eta dokumentala.

Beste informazio osagarria

Ezagutu Xabier Leteren bizitzari eta obrari buruzko informazio gehiago.

Xabier Lete Funtserako sarbidea

Eskuratu Xabier Lete Funtseko dokumentuak Liburutegiko katalogoan.

Ikus katalogoan