'Yogur con mermelada' eta Ekialde Hurbila
Lena MERHEJ
Yogur con mermelada o cómo mi madre se hizo libanesa
Ediciones del Oriente y del Mediterráneo, 2018
Laban et confiture ou comment ma mère est devenue libanaise
Samandal, 2011; Alifbata 2015, 2018.
Merhej (Beirut, 1977) marrazkilari arabiar nagusienetakoa dugu. Haurrentzako ilustratzaile, “Samandal” aldizkariaren sortzaile, bere komikietako bat animazio-film ere bihurtua izan da. Bere lanean gerra ohiko gaia bihurtu da. 1970 nahiz 1980ko hamarkadetako suntsiketak gogoratzea aski da hori ulertzeko.
Lehen aldiz Samandal aldizkarian atalka argitaratu lan honetan ere ezin gudari izkin egin. Ari Folmanen Bashirrekin Vals-ean agertu sarraskia hemen ere azaldu arren, Merhejen narratiba oso bestelakoa da. Batetik, bere oroitzapenak haur batenak direlako; bestetik, marrazteko erak ere haurtzaroko marrazkien kutsua duelako. Gainera, gerraren eszenatokian Merhejek beste gai bat ere jorratzen du: identitatearena, hain zuzen ere. Izan ere, ama alemaniarra eta aita libaniarra dauzka egileak. Nahasketa posiblea ez ezik, ohikoa zen garaia, baina ez da horren zaharra. Nahaste honek ez du zertan ekarri behar ezer berririk bapatean. Izan ere, denbora ere nahasketaren osagaia da. Bai eta nahasten ditugun elementuak izaera kontrajarriak ere. Yogurta (laban hobe esana) eta erreximenta bezala, garratza eta goxoa bezala hain zuzen ere.
Xaloa ematen badu ere, iltzatua geratzen den lana da honako hau, batez ere Ekialde hurbila amildegitik behera jauzten ikusi duen ororentzat.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi argitaletxea. Ediciones del Oriente y del Mediterráneo delakoak izugarrizko lana egiten du kultura mediterranearraren ezinbestekoa den Ekialdeko kultura (gazteleraz) argitaratzen.