Zer da Korrika?
Korrika 1980an sortu zen ekimena da, euskaltegiek alfabetatzea ekonomikoki sustatu eta euskara zabaltzeko asmoz.
Zer da Korrika?
Garaiko publizistek halako ideia izan zuten, karrera bat burutzea, errelebo sistemaren bidez eta ekarpenak egiteko aukera ematea. Hau Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz bihurtu zen euskal herri mailako ekimena, euskara lau haizetara zabalduz.
2 urtez behin burutzen da ekimena, lasterketa bakoitzak 10 bat eguneko iraupena eta 2.300 kilometro inguruko luzera izaten du, geldiunerik gabeko erreleboa izan ohi da. Gaur egun kutsu emozional handia hartu ohi du, ahaztu gabe, batzen duen jendetza kopurua. Azken ekitaldiaren amaiera egunean Donostian 80.000 pertsona inguru batu zituela esan ohi da.
Aurten 23. Korrika ospatuko da Irunen hasi eta Baionan amaituz. Euskal Herrian AEK euskaltegiak dauzkan herri guztietatik, hiriburu guztietatik eta beste zenbait puntu berezi zeharkatuz buruko da martxoaren 14tik 24ra. Leloa Harro herri izango da, Ane Elordi korriraren koordinatzailearen hitzetan “Alde batetik, harrotasuna. Gure hizkuntza gutxiagotua dagoenez, sarritan, konplexuz bizi gara. Bada, guk erabaki dugu euskaraz biziko garela, eta harro. Uste dugu Harro herri-rekin norbanako identitatea konfirmatzen dela. Euskarak egiten gaitu euskaldun, hizkuntzak berak, eta harro gaude euskaraz bizi nahi dugulako. Eta aldi berean, lehen esandakoa, bakoitza gure ezberdintasunetatik, baina batzen gaituena euskara da. Eta herri hori sortzeko deia da leloa.” [Ane Elordi, Argia zk. 2861 (2024 ots. 28)]
Korrika lasterketarekin batera, korrikaren abestia aurten Mursego musikariak burutu du, korrika kulturalaren ekimen nagusia Badon* opera garaikidea izango da, korrika txikiak burutuki dira herriz herri eta munduan zehar ere bai. Korrika anitz antolatuko dira hizkuntza gutxituen eta euskara aldarrikatuz.
Hainbeste ekimenen artean, ezin albo batera utzi lasterketa bera, gau eta egun, euri zein eguzki, gelditu gabe burutzen dela. Ehundaka boluntarioren laguntzaz eta milaka pertsonen partehartzearekin. Gainera, 44 urte pasa baldin badira ere Korrika sortu zenetik, helburua ez da aldatu gaur egun.
Gure Liburutegian (Errege Erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakian) hainbat interesgune girotu ditugu gai honekin lotuta. Pasa zaitezte bisitan. Bestela ikusi zuzenean aurtengo abestiaren bideoklipa edo Korrikari buruz liburutegian dauzkagun dokumentuak.