Zerocalcarerekin ikasia

Arrakastaren nondik norakoa? zintzotasuna. Ez du ezer ezkutatzen, dena argitzen du.
Zintzotasuna ez da nahikoa, baina, arrakasta lortzeko. Talentua behar da. Egileak badu, soberan. Kontatzeko modu propioa garatu du; kontakizunaren baitan kultura pop-ularraren ikurrak eta aipuak. Gertu sentiarazten dizu.
Zintzotasuna eta talentua ez dira nahikoa. Lana ere egin behar da. Tajuz. Konpultsiboki, askotan. Lana eta irakurlea errespetuaren bidez lotu ditu; esaterako, arratsaldean hasi eta goizean bukatu dezake sinatze saio bat... liburudendetan liburuak sinatzen, zaleen aurrean.
Zintzotasua, talentua, lana. Eta ardura. Bere gertuko komunitatearekiko, urrun baino gertukoak dituenekiko. Kultura politiko zehatzak bustitzen du bere lana eta bere jarrera.
Zintzotasuna, talentua, lana, ardura. Ez dira nahikoa. Zerocalcare berritzailea izan da. Autoekoizpenarekin abiatu zen, baita milaka ale eskuz esku eraman eta banatu ere. Milaka ez da gehigikeria, zehatza da datua. Berrikuntza, baina, ez zen autoedizioa izan, halako astakeriari uko, fidatzeko argitaletxea bilatu eta, batez ere, harreman berria sortzean datza haren berrikuntza: editoreekin zein zaletuekin. Sarea bere lanaren baitan txertatu zuen, blogaren bidez. Nahasketa itzela izan da.
Komikizaleen esparrutik hareago, literaturaren salmentarik gorenak lortzen ditu Italian. Handik beste hizkuntzetara pasa. Oinarrizko printzipioei uko egin gabe. Zintzotasuna oinarri.
Hala erakutsi digu gurean izan den bitartean. Harekin egon ez zaretenok, katalogo honekin haren lana gertutik ezagutzeko aukera duzue. 35 urte bete gabe, Italiako Museo nazionale delle arti del XXI secolok antolatu erakusketa erraldoiaren katalogoa. Bukatutakoan, azalean bihotz erraldoia zergatik; eta kontrazalean bihotzaren gibelean partxez beterik zergatik, ongi ulertuko duzue.