ZINECITTÀ
Donostiak lehen aldiz hartuko du, 2026ko azaroaren 27tik 29ra bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Italia Maitea elkarteak sustatutako italiar zinema jaialdia.
ZINECITTÀ
Zinecittà, 2016an Bilbon sortutako italiar zinema jaialdia, Donostiara iritsiko da lehen aldiz 2026ko azaroaren 27tik 29ra. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Italia Maitea elkarteak sustatuta, eta Italia Txiki, Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Euskal Itsas Museoaren laguntzarekin, jaialdiak Tabakalera izango du egoitza nagusi, eta Euskal Itsas Museoan ere emanaldi bat eskainiko da. Lehen edizio honek Italiako zinemaren garai eta adierazpide desberdinetan barrena ibilbidea proposatzen du, memoria, musika eta identitatea uztartuz.
Tabakalerako programazioak historiarekin eta sorkuntza artistikoarekin ikuspegi desberdinetatik elkarrizketan diharduten hiru film biltzen ditu. Vittorio De Sicaren La ciociara filmak, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean programatutakoak, emango dio hasiera jaialdiari. Italiako zinemaren lan enblematikoetako bat da, gerraren esperientziari erreparatzen diona. Gloria! filmean, Margherita Vicariok emakumeen matxinada musikal bat irudikatzen du, XVIII. mendearen amaierako Venezian girotua eta emakume gazte talde bat protagonista duena. Azkenik, Renato De Mariaren Franco Battiato: Il lungo viaggio filmak musikari italiarraren ibilbide artistiko eta espirituala markatu zuten topaketak eta bilaketak ditu ardatz.
Klasikoak eta lan garaikideak uztartuz, Zinecittàk Italiako zinema ezagutzera eta partekatzera gonbidatzen du Donostiako publikoa, iraganari begiratu eta orainari buruzko galdera berriak planteatzen dituzten istorioen bidez. Jaialdiak Italiako kulturaren eta bertako publikoaren arteko topagune izan nahi du, bestelako istorioak, sentiberatasunak eta mundua ulertzeko moduak ezagutzeko aukera eskainiz.
Programa
2026 AZA 27 | 19:00 | Tabakalera
Zinecittà Donostiaren inaugurazioa eta La ciociara filmaren proiekzioa
Italia, 1943. Cesira Erroman bizi da, Rosetta izeneko hamahiru urteko alaba nerabearekin. Gerra hurbiltzen ari dela ikusita, hiriburutik ihes egin eta ahaide batzuen etxean babes hartzea erabakiko du, Ciociaria aldeko mendietan. Cesira ederrak Michele gazte intelektuala ezagutuko du. Michelek partisano izan nahi du, eta, Cesirarekin maitemindurik, askatasunaren aldeko kausara erakartzen saiatuko da.
Vittorio De Sica, Italia, 1960, 100 minutu
Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.
Jatorrizko bertsioa italieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.
2026 AZA 28 | 11:00 | Euskal Itsas Museoa Il ritorno di Maciste
Maciste gaur egun pantailatik agertzen da Cabiria filmaren emanaldi batean, eta Steve Della Casaren gidaritzapean memoria eta identitatearen arteko bidaia bati ekiten dio. Lekuen, artxiboen eta zinema mutuaren bidez, Bartolomeo Pagano dela deskubritzen du: Pastroneri esker Italiako zinemaren lehen superheroi bihurtu zen Genovako portuko zamaketaria. Dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen kontakizuna da, zinemaren hastapenak, industria kulturalaren sorrera eta herri-heroien eginkizuna aztertzen dituena, Italiako lehen zinema mutuaren berrikuntza eta mugak berreskuratuz.
Maurizio Sciarra, Italia, 2023, 90 minutu
Jatorrizko bertsioa italieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.
2026 AZA 28 | 19:00 | Tabakalera Gloria!
18. mendearen amaierako Veneziako neska-ikastetxe batean girotuta dago, eta Teresaren istorioa kontatzen du. Teresa bisionarioa da eta, aparteko musikari-talde txiki batekin batera, bere garaira aurreratzen da eta Antzinako Erregimenaren katafalko hautseztatuei aurre egiten die musika matxino, arin eta moderno bat asmatuz. Film honek hiru izendapen eta garaipen bat jaso zituen Nastri d’Argento sarietan, eta bederatzi izendapen eta hiru garaipen David di Donatello sarietan.
Margherita Vicario, Italia, 2024, 106 minutu
Jatorrizko bertsioa italieraz, euskarazko azpitituluekin.
2026 AZA 29 | 19:00 | Tabakalera Franco Battiato: Il lungo viaggio
Franco Battiato gaztearen ibilbideak, Siziliatik Milanera iritsi arte, arrakastarako bidean izandako topaketak eta une erabakigarriak aztertzen ditu, bere Sizilia maitera itzuli arte. Barne-bidaia baten istorioa da: artistaren izaera, ordurako espiritualtasunerako joera zuena, bilaketa kontzienteago baterantz eraldatzen da.
Renato De Maria, Italia, 2026, 114 minutu
Estatuko estreinaldia.
Jatorrizko bertsioa italieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.