Zinemagileen arteko elkarrizketak
Koldo Mitxelena kulturuneak "Zinemagileen arteko elkarrizketak" ikastaroa antolatu du zinemazaleentzat, zinemagintzako profesionalak emana.
Ikastaroan bost saio egingo dira, urtarrila eta apirila bitartean. Zinemagile bakoitzarekin batera, arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona bat egongo da; izan ere, proiektu zinematografiko batean, nahiz eta begirada artistikoa zuzendariarena izaten den, gidoiak, finantzaketak, ekoizpenak, filmaketak edo postprodukzioak berebiziko garrantzia dute errealizazioan. Hori dela eta, zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistikoak aurkeztuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak.
Ikastaro honen helburua da zinemazaleari film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzea. “Zinemagileen arteko elkarrizketak” ikastaroan zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa formatu atsegin batean.
Urtarrilak 14, 19:00etan (euskara)
Lara Izagirre zinemagileak Paula Olaz konpositorea izango du lagun, Nora bere azken film luzean lankide izan baitira (Zinemira saila inauguratu zuen 2020ko Zinemaldian) eta musikaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egingo dute.
Otsailak 8, 19:00etan (gaztelania)
Icíar Bollaín Koldo Zuazua produktorearekin arituko da solasean. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso duen Maixabel filma abiapuntu hartuta, bere ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten azalduko digute.
Otsailak 18, 19:00etan (gaztelania) online
Carla Simon zinemagile katalanaren eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Verano 1993 filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.
Carla Simónekin eta Ana Pfaffekin ostiralean, hilak 18, zinegileen arteko elkarrizketa saioa online izango da.
Ostiral honetan, otsailaren 18an, Carla Simón zinemagile katalanarekin eta Ana Pfaff muntatzailearekin topaketa bat egingo dugu "zinegileen Elkarrizketak" saioaren barruan, baina hizlarien agenda eta logistika direla eta, saio hau ez da gure Areto Nagusian egingo, online izango da soilik, eta aurretik izena eman dutenentzat. 19: 00etarako aurreikusitako ordua mantenduko da.
Carla Simon eta Ana Pfaff, kolaboratzaileez gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Biak, Estiu 1993an (Uda 1993, 2017) egindako lankidetzaren ondorioz, muntaiari eta bere ikuspegi zinematografikoari buruz mintzatuko dira.
Barkatu eragozpenak.
Martxoak 4, 19:00etan (gaztelania)
Jonás Truebak eta Javier Lafuente ekoizleak, zeinak Los Ilusos Films taldea osatzen duten, beren corpus filmikoa aztertuko dute, eta bereziki Quién lo impide azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu da.
Apirilak 8, 19:00etan (gaztelania)
Rodrigo Sorogoyenek eta Isabel Peña gidoilariak, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu berri den Antidisturbios telesailaren sortzaileek (Movistar+), zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dizkigute.
Izena emateko epea itxita dago
Babes eta higiene neurriak Areto nagusian